Igo
  • 2018/07/19

Galdakaoko 11koa, prest!

Galdakaok ere Euskaraldian parte hartuko du, Euskal Herriko beste 400 herrik baino gehiagok moduan. Herritarren parte hartzea sano garrantzitsua izango da ekimen honetan, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta herriko euskararen erabilera zabaltzeko. Konpromiso hori hartu duen lehenengo Hamaikakoa aurkeztu berri dugu Galdakaon.


Ardantza parkean egin zen aurkezpena, uztailaren 17an. Hantxe batu zen Galdakaoko Hamaikakoa: Mertxe Basterretxea (irakaslea), Jabi Elorriaga (artista), Joana Lasheras (kazetaria), Manu Etxebarria (etnolinguista), Kontxi Belandia (Berbalaguna), Karmelo Ariznabarreta (pilotari ohia), Maider Isasi (Gazte Asanblada), Kepa Artetxe (Andra Mariko sortzailea eta dantzaria), Karmele Arrieta (Irakurle taldea), Vidal Salcedo (medikua) eta Errupin Jauregi (zinegotzia eta Euskaraldia Batzordeko kidea).


Hamaika lagun hauek «Euskaraldia: 11 egun euskaraz» ekimenean parte hartzea erabaki duten lehenengoak dira, baina ez dira bakarrak izango. Izan ere, Galdakaoko Hamaikakoak dei egiten die galdakoztar guzti-guztiei, euskaraz ondo egin edo ez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean lehenengo berba, gutxienez, beti euskaraz egiteko.


Zer da Euskaraldia?


Hainbat elkarte eta herriren babesa lortu duen ekimena da Euskaraldia. 11 egunean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz jardutea proposatzen du Euskaraldiak.


Egitasmoaren helburua argia da: euskaraz pentsatzen duguna baino gehiago komunika gaitezkela erakutsi. Izan ere, imajina dezakeguna baino pertsona gehiagok ulertzen dute euskara. Azken baten, uste duguna baino aukera gehiago daukagu euskaraz egiteko.


Aukera bi ditugu Euskaraldian parte hartzeko: Ahobizi izan (euskaraz badakizu, eta egiteko prest zaude) edo Belarriprest izan (euskaraz ondo konpondu ez arren, euskaraz entzuteko prest zaude).


Bizkaiko beste 70 herritan legez, Galdakaon ere, Euskaraldiaren batzorde eragilea sortu da ekimena gauzatu ahal izateko. Batzorde mistoa da, herriko Udalaren eta herritar taldearen artean osatuta dago. Martitzenero batzen da, eta parte hartu gura duen edonori edegita dago. Erdu eta parte hartu!


Informazio gehiago:


www.euskaraldia.eus


galdakao@euskaraldia.eus