Igo
  • 2021/07/02

Galdakaok hiri paisaia hobetu du 2021eko Enplegu Planaren arte komunitarioko proiektuari esker

Azken hilabeteotan Galdakaok edertu egin du herritarrek zenbait eremuri buruz zuten pertzepzioa, arte komunitarioko prestakuntza eta enplegu programari esker.

Galdakaoko Udalaren 2021eko Enplegu Planari atxikitako enplegu babestuko programa honen bitartez, lana bilatzeko zailtasun bereziak dituzten 10 gazte kontratatu dira sei hilabetez, lanaldi osoz, muralgileen lanbideari dagozkion beharrak ikasi eta egiteko.

Hiri ingurunearen estetika hobetzea izan da eskuhartze horien helburua, eta horretarako, ingurumen zein dekorazio arloetako eskuhartzeak egin dituzte herriko zenbait gune garrantzitsuren irudia hobetzeko asmoz. Apainketa artistiko horien bitartez, halaber, hainbat sentsazio helarazi nahi izan dizkiete herritarrei.

Muralismo proiektuaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta Gaztaroa Sartu kooperatibak kudeatu du. Gizarte ekimeneko eta irabazi asmorik gabeko erakunde honek gizarte nahiz lan arloetako eskuhartzeak ditu ardatz eta oraingo proiektua bi fasetan garatu du:

1- Lanposturako prestakuntza fasea, trazadurak eta efektu bisualak lantzeko teknika espezifikoak, diseinu digitala (Photoshop eta Ilustrator), lan orientazioa eta laneko arriskuen prebentzioa jorratuz.

2- Lanak gauzatzea, udal arduradunek proposatutako lekuetan esku hartuz. Fase honetan, parte hartzaileak arduratu dira, eskuhartze artistiko komunitarioetan ibilbide luzea egina duen Bada artistarekin batera, kokapen bakoitzerako diseinuak proposatzeaz.

Hiri-arte komunitarioko programa honi buruz oso balorazio ona egin du Jose Luis Bernal Enplegurako zinegotziak: "Lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gazteei formakuntza eskaintzen die eta bide berri bat zabaltzen die, eta, aldi berean, gazte horiek herria edertzen dute", nabarmendu du. Herritarren artean ere balorazio ona da nagusi: egindako lanek jakinmina eta esker ona eragin dituzte.

Honakoak dira muralismo lanak egin diren lekuak eta eskuhartze bakoitzaren deskribapenak:

1) Arantzileko eta Bengoetxeko tunelak: joan-etorri handia duten herriko esparru hauek degradatuta zeuden, narriadura estetikoagatik zein ikuspen urriagatik, eta horietan zehar ibiltzeak mesfidantza eta segurtasun eza eragiten zuen. Oraingo diseinuei esker, argia eta kolorea eman zaizkie esparru horiei, erlaxatzera gonbidatzen duten gaiak erabiliz. Hauexek dira tunel bakoitzerako aukeratutako diseinuak:

. Arantzileko tunela: ur-jauzien irudiek bat egin dute tunelari lotutako paisaiarekin (urtegia eta aisialdirako gunea).

. Bengoetxeko tunela: itsas-hondoaren irudiak ozeanoan murgiltzeko aukera ematen du Galdakaotik mugitu gabe, oinezkoei joan-etorrietan lagunduz.

2) Somera kaletik Santi Brouard enparantzara doan pasabidea: joan-etorri handia duen gune hau pinturaz beteta eta hondatuta zegoen. Geometriak nagusi dituen eskuhartze baten bitartez, koloretako triangulazio sistema bat osatu da, tonalitate biziekin, igarobide osoa argiztatuz. Espazioaren ikuspegi fantastikoagoa lortu da.

3) Maiatzaren biko horma: hezetasunez eta landaretzaz beteta zegoen eustorma luze honetarako, bertako hegaztien ikuspegia eskaintzen duen diseinua aukeratu da, horma osoa apainduz.

4) Santi Brouard enparantza: Ibaizabal saskibaloi taldearen egoitzako paretan paisaia pixelatu bat sortu da.

5) Máximo Moreno Udal Musika Eskola: aurreko urteko proiektu artistikoari jarraipena eman zaio; oraingoan eraikinaren atzealdean, musika jarduera irudikatzeko motibo figuratiboak eta errealistak (gitarra, txirula, bozgorailuak) tarteko dituzten geometriak eta koloreak uztartuz.

Herrian egindako eskuhartze guztiak dokumentatzeko asmoz, lanen bilakaeraren berri eman dute etengabe proiektuak Instagramen eta Facebooken dituen kanalen bidez:

Instagram: https://www.instagram.com/galdakao_komunitate_artea/

Facebook: https://www.facebook.com/Galdakao-Komunitate-Artea-101880835316966

Kontratazio guztiak Galdakaoko Udalak egin ditu Behargintzaren bitartez, eta horien zati batek Lanbideren (Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila) dirulaguntza jaso du.