Igo
  • 2021/02/04

Galdakaok emakumeen etxea eraikiko du eta talde eragilean parte hartzeko deia egin du udalak

Galdakaok Emakumeen Etxea eraikiko du. Udal gobernu taldeak apustua egin du, eta elkargunea izango denaren oinarriak lantzeko prozesua martxan da. Gaur eman du horren berri Udalak, Galdakaoko hainbat emakume talde eta talde feministen ordezkariekin agerraldia eginda. Proiektuaren oinarriak landuko dituen talde eragilean parte hartzeko deia egin dute Nerea Orozko Berdintasunerako zinegotziak, Iņigo Hernando alkateak eta Irati Garai parte hartze prozesua gidatuko duen Farapi elkarteko kideak.


"Gizarteak eraldaketa behar du eta hori feminismoaren bidetik etorriko da ezinbestean", azaldu du alkateak proiektuaren zergatia. Udal gobernuak feminismoaren bidea hauspotzeko apustua egin duela nabarmendu du, eta gobernu planeko 90. puntuan jasota duen agindua gauzatuta, Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua martxan dagoela.


Proiektua behar bezala gauzatu dadin, ezer baino lehen oinarriak landu behar direla nabarmendu du Hernandok: "lehenengo edukia eta gero jantzia, etxea". Hala azaldu du Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesuaren nondik norakoa, ezinbesteko baldintza bat argi utzita: "emakumeak izango dira protagonista, hasieratik amaierara". Landuko den proiektuarekiko "konfiantza osoa" du alkateak, eta eskerrak eman dizkie lanketa horretan ari diren eta arituko diren guztiei, andrazko herritarrei bertan parte hartzera dei eginda. "Herriaren onurarako izango da".


Gizarteak behar duen eraldaketa mugimendu feministatik gauzatu behar dela sinetsita dago Orozko ere, eta Emakumeen Etxea hartarako tresna izango dela azaldu du; "tresna garrantzitsua" izango dela. Izan ere, etxea ez dela eraikin soil bat izango nabarmendu du; "proiektu globala" izango dela.


Abiatzen ari den eta feminismoa ardatz duen hausnarketa prozesuaren balioa goratu du Berdintasunerako zinegotziak: "hausnarketaren bidez emakumeak ahalduntzea bilatzen da, eta ahalduntze horren bidez aldaketarako tresna izatea". Hortaz, ardatz bakartzat feminismoa hartuta, alde guztietako indarrak batu eta sinergiak lantzeko deia egin du zinegotziak.


Mota, jatorri eta izaera guztietako emakumeentzat hurbileko eta konfiantzazko gunea eraikitzea helburu izanik, talde eragilean parte hartzeko gonbita egin die alderdi zein elkarte guztietako emakumeei, zein bertan parte hartu nahi duten andrazko guztiei.


Emakumeen Etxea izango dena elkarlanean diseinatzeko prozesua gidatzen ari den Farapi kooperatiba elkarteko Irati Garaik parte hartzean oinarritutako eraikuntza kolektiboaren garrantzia nabarmendu du, guztien artean, "Galdakaoko emakumeen behar, nahi eta desioak kontutan hartuko dituen etxea eraikitzeko". Prozesuak ekarriko duen saretzearen eta talde kohesioaren garrantzia plazaratu, eta hemendik aurrerako bidea ikasketa prozesu gisara ulertzeko aholkua eman du.


Berdintasun Kontseilua izango da, hasiera batean hausnarketa horren abiatuntu. Baina taldea zabaldu beharra dagoela eta, proiektua diseinatuko duen talde eragilean parte hartzeko deia egin die Garaik interesa duten emakume guztiei. Talde eragilean parte hartu ezin edo nahi ez dutenentzat ere zabalik dago ekarpenak egiteko modua, halere. Udalaren wegbunean (www.galdakao.eus) Emakumearen Etxearentzat espresuki sortu den bannerrean bilduko da hemendik aurrera sortuko den informazio guztia, eta bertan zehaztuko dira ekarpenak egiteko bide eta aukerak.


Parte hartzeko moduak:


Talde eragilean parte hartzeko: idatzi emaila berdintasuna@galdakao.eus helbidera.


Bestelako parte hartzerako edo ekarpenak egiteko: www.galdakao.eus webgunean "Galdakaoko Emakumeen Etxearen sorrerarako partaidetza prozesua" bannerrean sartu, eta bertako galdetegia osatu.