Igo
  • 2022/05/05

Galdakaok bertoko produktuen azoka izango du ostegunero, datorren astetik aurrera

Galdakaok merkatu eguna izango du datorren astetik aurrera. Ostegunero ostegunero, arratsaldez, bertoko baserrietan ekoitzitako barazkiak, gazta, ogia, eztia, esnekiak, txorizoa, euskal pastela, piperrak, karakolak, mermeladak eta beste izango ditu salgai, Agirre Lehendakaria plazako arkupetan. Horiek guztiak eta gehiago eskuratu ahal izango dira maiatzaren 12tik aurrera, ostegunetan, 17:00etatik 20:30era. Badator Gure Lurreko Merkatua Galdakao.
 
Hamabi postu izango ditu merkatuak; Galdakaoko, Arratiako, Nerbioi zein Txorierriko ekoizleak. Horietako batzuk astero etorriko dira Agirre Lehendakaria plazara, hamabostero beste batzuk. 
 
Gure Lurreko Merkatu honen ezaugarririk nagusiena hurbiltasuna izango da, bertako soroetatik bertako plazara, edo bestela esanda 0KM-ko elikagaiak galdakoztarren esku ipintzea. 
 
Hautu honen arrazoia begibistakoa da: elikagaien ekoizpen moduak eta jatorriak eragin zuzena dute pertsonen osasunean zein ingurumenean. Alde batetik, ingurumena eta osasuna zaintzeko aukera bat dira halako azokak, eta bestetik, ekoizleekin beraiekin harreman zuzena mantentzekoa; hortaz, kontsumitzen dugunaren jatorri eta ezaugarrien ezagutza zuzena izatekoa ere bai.
 
Galdakaoko Udalak Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearekin elkarlanean jarri du martxan egitasmoa.