Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaok 103 pertsona kontratatuko ditu urritik aurrera Enplegu Plan berrian

Beste batzuk   2021/10/05

Langabezian dauden eta Lanbiden izena emana duten 103 pertsona kontratatuko dira urritik aurrera Galdakaoko Udalak sustatu eta Lanbidek diruz lagundutako Enplegu Plan berrian. Plan honek aurreko deialdikoari jarraipena emango dio eta bi milioi eurotik gorako aurrekontua du.
Lan kontratuak lanaldi osokoak izango dira eta 6 hilabete iraungo dute. Horietako batzuk 2021eko azaroaren 2an hasiko dira, eta beste batzuk abenduan. Hasieran, Lanbide arduratuko da pertsonak aukeratzeaz, eta postuak beteko dituztenak, langabeak izateaz gain, enplegu-eskatzailetzat izena emanda egon beharko dute, Lanbiden.
Urtea amaitu baino lehen, zortzi proiektu abiaraziko dira. Kontratatutako pertsonek taldeka jardungo dute hainbat lanetan: bidezidorren eta ingurune naturalen mantentze lanak, parkeak eta ikastetxe zein ospitalen inguruneak zaintzea, hiri espazioen apainketa eta mantentze lanak, eta hiri altzarien mantentze lanak, besteak beste.
Galdakaoko Udalak diru laguntza eman die dagoeneko, zortzi proiektu horiek Galdakaon langabezian dauden pertsonekin aurrera ateratzeaz arduratuko diren erakunde espezializatuei.
"Honela, ekintzak egiten jarraitu nahi dugu herrian enplegua sustatzeko. Zortzi proiektuek helburu bikoitza dute: alde batetik, langabezian dauden pertsonei prestakuntza eman eta kontratua egitea, eta bestetik, Galdakaon bizi garen pertsona guztion bizi kalitatea hobetzea, herriko bidezidorrak eta ingurune naturalak zein hiri esparruak eta hiri altzariak baldintzarik onenetan mantenduz", adierazi du Jose Luis Bernal Martinez Enpleguko zinegotziak.
"Planak prestakuntza eta enplegua uztartzen ditu, lanpostuan jarduteko gaitasuna ematen duen prestakuntza eskainiz. Nabarmentzekoa da, baita ere, lanaldi osoko kontratazioei buruz ari garela", azpimarratu du Bernalek. "Enplegua sortzeko ekimenak sustatzen jarraituko dugu, gure helburua Galdakaoko langabezia murrizten jarraitzea baita", gaineratu du.
Proiektu guztien hasieran prestakuntza aldia egingo da proiektu bakoitzari dagozkion gaien inguruan, eta horrekin batera, laneko arriskuen prebentzioa, berdintasuna eta ingurumenari buruzko prestakuntza espezifikoa emango da.
Hauexek dira Enplegu Plan berrian jasota dauden zortzi proiektuak:
1."Pintura. Oinarrizkoa"
20 lan kontratu ditu aurreikusita.
2. "Zura. Oinarrizkoa"
18 lan kontratu aurreikusi dira. Besteak beste, hiri altzariak (bankuak, paperontziak, etab.) berreskuratu, garbitu eta egokitzeko lanak egin beharko dituzte.
3. "Igeltserotza. Oinarrizkoa"
16 lan kontratu aurreikusi dira.
4. "Enplegu berdea"
12 lan kontratu aurreikusi dira. Besteak beste, sastrakak kendu eta basobera garbitzea, bideak eta hormatxoak konpontzea, ingurune naturaletako baso berritzeak, landare inbaditzaileak kentzea eta basogintzako hainbat lan egin beharko dituzte.
5. "Iturgintza"
5 lan kontratu.
6. "Elektrizitatea"
5 lan kontratu.
7. "Muralismoa"
5 lan kontratu.
8. "Eragile zibikoak"
Guztira, 22 lan kontratu aurreikusi dira. Ikasleei lagunduko diete ikastetxeetarako joan-etorrietan, eta parkeak eta lorategiak zaintzeko lanak egingo dituzte. Galdakaoko Ospitalearekin ere lan egingo dute, ospitaleko sarbideetan eta aparkalekuetan.