Igo
  • 2020/10/21

“Galdakao. Memoria hezten” erakusketa zabalik dago Torrezabalen, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan

"Galdakao. Memoria hezten" proiektuko erakusketak ateak ireki ditu aste honetan Torrezabal Kultur Etxean.


Galdakaoko irakaskuntzak izan dituen aldaketak islatzea helburu duen proiektu baten emaitza da erakusketa. Garai batean lehen letrak ikasteko modutik hasita egungo hezkuntza formalera egiten du bidaia, Dinamitako ikastun-eskoletatik edo Lanbide Heziketako ikastetxeetatik igaroz. Hor dugu, esate baterako, Bengoetxeko Ostalaritza Eskolako adibidea. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu da erakusketa. XX. aldia dute aurten jardunaldiek, eta "Hezkuntza eta Ondarea" lelopean egiten ari dira.


Doako sarrera duen erakusketa honetarako lan handia egin da Galdakaoko auzo ezberdinetako ikastetxeren batean hezkuntza formal teorikoa edo profesionala jaso zuten edo beren lanbidea garatu zuten pertsonen material grafikoa, testigantzak eta bizipenak biltzen.


"Galdakao. Memoria hezten" erakusketa urriaren 31ra arte bisita daiteke Torrezabalen, astelehena eta ostirala bitartean 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara.


Erakusketaz aparte, gure herriko hezkuntza azpiegituren une gogoangarri batzuetan zehar egingo diren ibilbide gidatuaren eskutik, toki hauen historia ezagutzeko aukera izango dugu: Gandasegi doktorearen ikastetxea, Bengoetxe eta Elexaldeko lanbide heziketako ikastegiak edo garai bateko Bekeako auzo eskola. Jarduera amaitzeko, bisita gidatua egingo zaio Torrezabal Kultur Etxeko erakusketari.


Ibilbide gidatu hori ostegunetan egingo da, hilaren 22an eta 29an, 17:00etan, eta larunbatetan, hilaren 24an eta 31n, 11:00etan. Leku mugatuak izango dituzte, eta aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da 944010528 telefono zenbakira deituta edo amadariaga@galdakao.net helbide elektronikora idatzita.


Galdakaoko Udalak gure historia eta kultura ondarea pixka bat gehiago ezagutzen laguntzen duten jarduera hauetan parte hartzera deitzen ditu herritarrak, gaur egun garena modu batera edo bestera baldintzatu baitute.