Igo
  • 2018/05/16

Galdakao Igeriketa Taldeak emaitza bikainak lortu ditu oraintsu Santurtzin egin diren Bizkaiko Eskolarteko Kirol Jokoetan

Emaitza bikainak lortu ditu Galdakao Igeriketa Taldeak Foru Aldundiak antolatutako XXXVII. Bizkaiko Eskolarteko Kirol Jokoetan, igeriketa-diziplinan. Lehiaketa Santurtziko Udal Kiroldegiko Mikel Trueba igerilekuetan egin zen larunbatean, maiatzaren 12an.


Eskola-kirolaren festa bat izan zen, eta Bizkaiko igeriketa-klub nagusiak lehiatu ziren, giro ezin hobean eta harmailak bete-beterik.


Galdakao Igeriketa Taldeak nota ona atera du eskola-kirolean, 2018/2019 denboraldian. Emakumezkoen kimu-taldeak sailkapenaren lehen postua erdietsi du Bizkaiko klub guztien artean.  Emakumezkoen benjamin-taldea, berriz, bigarren izan da.


Gizonezkoen kategorian, kimu-taldeak ere bigarren postua erdietsi du. Eta kluben baterako sailkapenean ere, Galdakao Igeriketa Taldeko kimu-taldea bigarren izan da.


Bakarkako alderdiari erreparatuz, klubeko igerilariek jardun oso ona izan dute; izan ere, haietako askok marka pertsonalak hobetu dituzte, eta aurreikusitako helburuak lortu edo haietara hurreratu dira. Nabarmendu behar da Urtats Gómez Gredilla igerilariak (2005) Udako Espainiako Txapelketarako gutxieneko marka erdietsi zuela.


Eta, beti bezala, giro bikaina izan zen taldean; guztiak etengabe aritu ziren elkar animatzen jardunaldi luze eta bero hartan.