Igo
  • 2020/01/24

Galdakao hobe bat egiteko prestatutako gobernu planaren aurkezpena ikuskera guztietako herritarrez bete da

Jendetza batu zen Gandasegiko areto nagusian atzo iluntzean, gobernu taldearen plana entzuteko; alor, sektore eta pentsaera mota guztietako herritarrak. Eta bateratua izan zen aurkezpenaren ondorengo sentimendua: guztiek eskertu zuten aurrera begirako plana herritarrei zuzenean aurkeztu izana eta gobernu taldeak hitz politak jaso zituen guztien aldetik. Alkateak Galdakao hobe baten alde elkarlanean aritzeko gonbita egin zien guztiei, eta bertaratu izana eskertu.


Galdakaoko Udalak datozen hiru urte eta erdietarako prestatutako proiektuak dira ostegun arratsaldean aurkeztutakoak; udal gobernuak legealdi osorako iparrorratz gisa izango dituenak. Zazpi ardatzetan banatutako ehun neurri zehatz gauzatzeko konpromisoa hartu du gobernuak, herriarekiko egindako kontratu gisa.


Ehun neurri zehatzak biltzen dituen eskuorria herritarren eskura jarri du udalak, eta horietako batzuen nondik norakoen azalpena ere eman du. Datorren astean Galdakaoko etxe guztietara bidaliko den aldizkarian jasoko da zertan datzan ehun neurri horietako bakoitza.


Otsail hasieratik erabilgarri egongo den webgune berri batean -www.galdakaodenontzat.eus- ere ezagutu ahalko da proiektu bakoitza. Eta ez hori bakarrik: horietako bakoitzaren egoeraren jarraipena ere egin ahalko dute herritarrek. Proiektu bakoitza hasi gabe, hasita edo bukatuta dagoen erakutsiko da modu erraz eta ulergarrian. Horrela, udalak agindutakoen betetze maila neurtu ahalko dute, aldiro, herritarrek, gardentasunerako jauzi bat eginda.


Hemen kontsulta daiteke gobernu plana


👇


GaldakaoGobernuPlana2020-2023.pdf