Igo
  • 2021/05/04

Galdakao gune gorrian sartu da: itxi egin da perimetralki eta neurri murriztaileagoak ezarriko dira

Atzo, maiatzak 3, Eusko Jaurlaritzak konfinamendu perimetrala izango duten udalerrien zerrenda eguneratu zuen; azken 14 egunetan Covid-19ko 400 kasu positibo gainditu dituztenen zerrenda. Galdakao 528,94 kasurekin sartu zen atzo zerrenda horretan eta gora egin du gaur ere: 13 kasu positibo gehiagorekin, 549ko inzidentzia tasa du.


Perimetroa ixteaz gain, egoera horrek martxoaren 27ko 16/2021 Dekretuaren bidez aplikatu beharreko beste neurri murriztaile batzuk gogortzea dakar, hala nola tabernen eta jatetxeen barrualdea ordutegi batzuen arabera ixtea edo barruko espazioetako kirol jarduera mugatzea.


Hurrengo astelehenera arte, gutxienez, honako neurri hauek ezarriko dira:


✅ Itxitura perimetrala: gure udalerrian pertsonen sarrera eta irteera mugatuta daude. Nolanahi ere, ohiko joan-etorrietako udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko, bai eta justifikatutako arrazoiak direla eta egindako joan-etorriak ere, hala nola lana, ikasketak, zainketak edo antzekoak.


✅ Ostalaritzarako ordutegi murrizketa barnealdeetan: taberna eta jatetxeek bi ordutegi-tartetara murriztu beharko dute barnealdeetan jendeari arreta emateko ordutegia: 6:30etik 9:30era eta 13:00etatik 16:30era. Ildo horretan, establezimendu horiek terrazetan zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izango dute. Joko eta apustu lokalek tarte berberetan soilik eman ahal izango dituzte beren ostalaritza zerbitzuak.


✅ Barnealdeetako kirol jarduera mugatzea: talde profesional edo federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik, gehienez ere 4 lagunera mugatuko dira barnealdeetan kirola egiteko taldeak. Gainera, kirol instalazioetan aldagelak eta dutxak itxiko dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren ehuneko 35 okupatzen duten aldagelak erabili ahal izango dira, bai eta dutxak ere, baldin eta banakakoa bada.


Ohar honen amaieran, Galdakaoko Udaltzaingoak egindako dokumentu bat dago, osasun alarmaren oinarrizko irizpideekin eta horiei buruzko galdera ohikoenetako batzuei emandako erantzunekin.


Galdakaoko Udalak arduraz jokatzeko eta babes neurriak areagotzeko deia egiten die herritarrei, gune gorritik lehenbailehen ateratzeko helburuarekin. Era berean, kaltetuen suertatzen ari direnen sektoreei babesa adierazi eta ahal den heinean haiei laguntzeko deia egiten die.


👇 IRIZPIDEAK

Gune gorrian kontuan hartu beharreko irizpideak (PDF)