Igo
  • 2021/04/16

Galdakao eta Usansoloko herritarren erdia baino gehiago udal liburutegietako bazkide dira

Torrezabal, Aperribai eta Usansoloko liburutegiek 16.567 bazkide dituzte guztira, udal liburutegien zerbitzuko langileek emandako azken datuen arabera.

Udalerrian erroldatuta 29.427 pertsona daudenez, ehunekoa oso handia da, %56,30ekoa. Irakurtzeak adin guztietako pertsonentzat duen garrantzia eta kulturak herriari dakarkion aberastasuna kontuan hartuta, zoriontzeko moduko datuak dira, zalantza izpirik gabe. Bide horretan jarraitzera eta burua kulturaz janztera dei egiten die Galdakaoko Udalak herritarrei.

Bazkideak liburutegiz liburutegi

Bazkideak honela banatuta daude gure herriko hiru liburutegien artean:

- Torrezabalgo liburutegia: 13.323 bazkide

- Usansoloko liburutegia: 1.891 bazkide

- Aperribaiko liburutegia: 1.353 bazkide

Emakumeak nagusi

Bazkidearen profilari dagozkionez, emakumeak gehiago dira: 8.808 dira andrazkoak  eta 7.759 gizonezkoak; hau da, bazkideen % 53 emakumeak dira. Honakoa da generoaren araberako banaketa liburutegi bakoitzean:

- Torrezabalgo liburutegia: 7.033 emakume bazkide / 6.290 gizon bazkide

- Aperribaiko liburutegia: 714 emakume bazkide / 639 gizon bazkide

- Usansoloko liburutegia: 1.061 emakume bazkide / 830 gizon bazkide

Etorkizuna, ziurtatuta

Bazkide diren haur eta gaztetxoen kopurua ere nabarmendu eta txalotzekoa da: 14 urte arteko 2.199 haur eta gaztetxo dira Galdakao eta Usansoloko liburutegietako bazkide. Haurrentzako gune eta zerbitzu berezituak daude horien eskura, oso erabiliak direnak. Honakoak dira Galdakaoko Udalaren liburutegi bakoitzean bazkide diren haur zein gaztetxoen eta helduen kopuru zehatzak:

- Torrezabalgo liburutegia: 11.461 heldu eta 1.862 haur zein gaztetxo

- Aperribaiko liburutegia: 1.211 heldu eta 142 haur zein gaztetxo

- Usansoloko liburutegia: 1.696 heldu eta 195 haur zein gaztetxo

Material eta zerbitzuen eskaintza zabala

Herritarren informazio, prestakuntza eta aisialdi arloko beharrak asetzea eta irakurketa sustatzea dira herriko liburutegi publikoen helburu nagusiak. Komunitatearen oinarrizko kultur eta informazio euskarria dira, betiere herriaren zerbitzura. Galdakaoko hiru liburutegien eskaintza 63.120 dokumentuk osatzen dute, liburu eta bestelako materialen artean.

Gainera, bazkideak doan sar daitezke Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sareko liburutegien eLiburutegia plataformara, eta Interneten bidez irakurri eta bistara ditzakete bertan bildutako eduki digitalak (20.000 liburu digital eta 15.000 film inguru), eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan irekita egoteak dakarren balio erantsiarekin.

Udal liburutegiek eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, honako hauek nabarmen daitezke:

- Liburuak eta bestelako materialak mailegatzeko zerbitzua. Hiru liburura arte eraman daitezke etxera maileguan, 21 egunerako.

- Haur liburutegi zerbitzua. Liburuak adinaren arabera antolatuta daude.

- Liburutegien arteko mailegua: erabiltzaileek eskatutako liburuak ez badaude gure liburutegian beste liburutegi batzuetan bilatzen dira. Astero jasotzen ditugu Bizkai osoko zein beste herrialdeetako liburutegietatik heldutako liburuak maileguan.

- Erreprografia zerbitzua: erabiltzaileak modu autonomoan egin dezake liburutegiko dokumentu-funtsaren kopia.

- Kontsulta zerbitzua gelan: funtsen kontsulta liburutegian bertan.

- Informazio-zerbitzua: erabiltzaileei aholku ematea, informazioa eta behar duen material bibliografikoa liburutegi barruan zein kanpoan aurkitzeko.

- Zerbitzu birtualak. Internet bidez liburua denbora luzeagoan izateko eta gauza berriak eskatzeko.

- Hemeroteka eta argitalpen ofizialen zerbitzua. 50 aldizkari baino gehiago eta 6 egunkari ditu.

- Tokiko informazio zerbitzua. Herriari buruz jasotako dokumentazioaz osatuta dago.

- Jardueren antolaketa: irakurzaletasuna sustatzeko tailerrak, liburuen aurkezpenak, erakusketa bibliografikoak, irakurketa klubekin elkarlana eta haientzako liburuak bilatzea, etab.

Liburutegien kokapena eta kontaktua:

- Torrezabalgo liburutegia : Lehendakari Agirre Enparantza z/g. Telefonoa: 94 457 12 96

- Usansoloko liburutegia: Ander Deuna 1B. Telefonoa: 94 436 30 35

- Aperribaiko liburutegia: Aperribai Auzoa 3B. Telefonoa: 94 426 17 90

Egin zaitez bazkide

Galdakaoko Udalak dei egin die oraindik zerbitzu honetako bazkide ez diren herritarrei, gure herriko hiru liburutegietako edozeinetara joan eta doan eta modu azkar eta errazean alta eman dezaten, dagokien eskabidea betez.