Igo
  • 2022/05/19

Galdakao bonbardatu zuteneko 85. urtemugan, halakorik errepika ez dadin oinarriak lantzeko deia egin du alkateak

1937ko apirila eta ekaina bitartean 40 herritar hil zituzten Galdakaon faxistek; gehienak, airetik jaurtitako bonben bidez. 28 bonbardaketa zenbatu ziren udaberri hartan gure herrian, eta maiatzaren 19koa izan zen odoltsuena, hildako gehien eragin zituena. Herritarrak bonbetatik gordetzeko Plazakoetxen zegoen babeslekuaren atarira jaurtitako bonba batek 16 herritar hil zituen gaur 85 urte: Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre. 

85. urteurren egunean, gertatutakoak gogoratzeko ekitaldia egin du Galdakaoko Udalak babesleku haren ondoko plazan, Plazakoetxen. “1937ko udaberri hartan jaurtitako bonbek oso helburu argia zuten: Galdakao bezalako leku estrategikoari, barrualdeko Bizkaia Bilborekin batzen duen guneari, ahalik eta min handiena egitea”, adierazi du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak bere hitzartzean. “Hori da Burdin Hesiaren azpiegitura gure herriko lurretan egoteko arrazoia: tropa faxistek hiriburua hartzeko sarrera ginen”.

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu ditu alkateak. Hain zuzen, horretarako, memoria berreskuratzeko lanean ari da Udala. Duela urtebete, esaterako, lurrazpian gordea zegoen Tximiolarreko babeslekuaren sarrera agerian ipini zuen; 1936ko gerrako 5 gune esanguratsu igarotzen dituen hiri barruko memoriaren ibilbidea sortu zuen azalpen-plakekin; eta ‘Galdakao Gerra Zibilean” liburuxka argitaratu zuen. Herrian gertatutakoei buruzko azterketa egiteko, bestetik, Aranzadarekin akordioa egin zuen, eta, herritarren lekukotzak batu ondoren, bilketa antolatzeko lanean ari da, gerorako jasoa gera dadin. 

Jakan fusilatu zuten Pedro Asua miliziano galdakoztarraren gorpuzkinak berreskuratzeko prozesuari ere ekin zion. Hainbat tramite egin, eta Jakako Udalarekin elkarlana hasi zuen Galdakaokoak helburu horrekin. Hernando Jakara joan zen Asuaren senideekin, eta bi alkateek elkarlanerako adierazitako prestutasunari esker, azkartu egin da prozedura. Bide horretan eman berri den azken pausoa jakinarazi du Galdakaoko alkateak gaurko ekitaldian: “Pedro Asua galdakoztar fusilatuaren gorpuzkinak Jakako hilerritik bere herrira ekartzeko baimena eman digu Aragoiko Gobernuak eta espero dugu laster Pedroren gorpuzkinek merezi duen aitortza jasotzea bere herrian, bere senitartekoekin batera”. Asuaren bi senide ekitaldian izan dira, eta haiei mintzatu zaie zuzenean alkatea: “Bego, Josu: besarkada handi bat, helmuga hurbil daukazue eta”.

Hain zuzen, Josu Larreak, Pedro Asuaren loba txikiak, hartu du hitza aurrez. Esker hitzak izan ditu Hernando buru duen gobernu taldearentzat, egin dituen lan eta tramiteei esker osabaren exhumazioa gertu ikusten duelako. Orain arte ez dela arakatu sentitzen du; ez dela egia bilatu; “isiltasun horretan gorde da, baina barruak egia eskatzen du”. Egia horrek familiari lasaitasuna, “deskantsua” ekarriko diolakoan, poza eta “emozioa” ere baduela aitortu du.

Eta beste berri bat ere erakutsi da gaurko ekitaldian: Galdakaoko memoria historikoaren lanketa barnebiltzeko, Udalaren eskariz beren beregi sortutako irudia. Jabier Elorriaga artista galdakoztarrak sortu du herriarentzat, eta, hemendik aurrera, memoria historikoarekin lotutako lanketak jantziko ditu. Haren aterpe izango da, memoria historikorako atea. Elorriagak berak idatziz utzitako azalpena irakurri du aurkezle lanetan aritu den Andrea Arrizabalaga ETBko kazetariak: “Badaude giza ekintza ilunak, eraikitzen ditugun kulturak isilarazten dituztenak. Oso bortitzak dira. Irudi gutxi daude horren kontu eman dezaketenak. Gorputz biluztuen irudiek, lurrean etzanda dauden beste gorputzei ezin kontsolatu begiratzen diotenak. Baina badira beste forma batzuk isilean eraikitzen direnak, dagoeneko ez daudenen oroimenez. Zulo edo masa gabeko irudiak dira. Marrazkian agertzen diren forma zirkular horiek, batzuetan hutsak, beste batzuetan beteak, gerren tragedian finkatutako begiraden hutsunea irudikatu nahi dute. Euren bakardadean, misio zail hau betetzeko itxaropenarekin asmatuta daude”.

Sormen lan gehiago ere izan dira ekitaldian: Maximo Moreno Galdakaoko musika eskolako abesbatzak eta eskola bereko Nerea Aizpurua eta Ainara Rua irakasleen biolontxelo eta bibolin doinuek arindu dituzte hitzartzeak, eta bertaratutako herritarrak bereziki hunkitu dituzte June Agirre eta Garazi Arrese dantzariek urteurrenerako espresuki sortutako koreografia berritzaileak. 

Etorkizunari begira amaitu da aitortza. Bengoetxe institutuko, Elexalde institutuko zein Eguzkibegi ikastolako ikasleek irudikatu dute etorkizun hori, katea ez etete hori, oroimena mantendu eta transmititze hori. Alkateak, herriko oroimena gordetzeko deia egin die herritar zein eragileei: “gure memoria zaintzera animatzen zaituztet. Interesa duenak, gertatutakoaz galdetzera jo dezala. Dakienak, transmititu dezala. Instituzioetatik, bultza ditzagun horrelako ekimenak”. Eta ekitaldian parte hartu duten pertsona eta eragileei ez ezik, Galdakao Gogora elkarteari ere eskerrak eman dizkio memoria berreskuratzeko egiten ari den lanagatik.

Lore eskaintza eginda amaitu da omenaldia, orainari eta etorkizunari begira. Hernando alkateak herriaren izenean, eta hiru ikastetxeetako ikasleen ordezkaritza batek, belaunaldi berrien ordezkari, lore sorta bana jarri dute bonbardaketa hartako biktimak oroitzen dituen monolitoan. Ondoren, bertaratutako herritar eta parte hartzaileek krabelin gorriak gehitu dituzte: besteak beste, hildakoen senideek, Galdakaoko Udaleko talde politiko guztietako zinegotziek, eta Galdakaoko zein Euskal Herriko gizarte eragile zein ordezkari politikoetako ordezkariek; besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuko ordezkari Roberto Palaciosek eta Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.

Aste osoan zehar herrian egiten ari den Memoriaren Astearekin jarraitzeko, Xabi Ealok ondutako ‘1937:Udaberri bako urtea’ dokumentala aurkeztu eta proiektatuko da gaur 19:00etan Torrezabaleko erakusketa aretoan. Bihar arratsaldean bisita gidatua egingo da Herri Barneko Memoriaren Ibilbidetik, 18:00etan Kurtzeko plazan abiatuta. Larunbatean, berriz, Burdin Herritik egingo da bisita gidatua; 09:00etan abiatuko da bisita Kurtzeko plazatik. “Gerra Zibila Galdakaon” erakusketa, berriz, igandera arte dago zabalik Torrezabaleko erakusketa gelan. Historia ezagutu eta ekitaldi horietan parte hartzeko gonbitea egin die Udalak herritarrei.