Igo
  • 2018/05/15

Galdakao Atletismo Taldeak domina mordoa irabazi du Bizkaiko 20 urte azpiko eta 18 urte azpiko kategorietako txapelketetan

Eguraldi zakar eta hotzarekin hartu zituen Durangok 18 urte azpiko eta 20 urte azpiko kategorietako txapelketetan parte hartu zuten taldeak, tartean, Galdakao Atletismo Taldea. Honela baloratu du txapelketa klubak: «kontuan izan behar dugu, hainbat arrazoirengatik, gure atleta batzuek ezin izan dutela txapelketan parte hartu, eta, hala ere, domina mordoa eskuratu dugula».


Saioa Aguillo nabarmendu nahi dugu, brontzezko hiru domina lortu baitzituen, bana disko-jaurtiketan, pisu-jaurtiketan eta salto hirukoitzean, 18 urte azpiko kategorian. 20 urte azpiko kategoriako 4x100 metroetako errelebo-taldeak zilarrezko domina irabazi zuen; urrea lortzetik segundo-ehunen batera geratu zen.


Jon Alonsok berriz irabazi zuen zilarrezko domina luzera-jauzietan, 18 urte azpiko kategorian. Gaizka Puyuelok brontzezko domina lortu zuen 20 urte azpiko kategoriako 200 metro lau estiloan. Proba latza izan zen arren, bere marka jaistea lortu zuen, eta, orain, 23"40-ko marka du.Eider Arreguik aparteko brontzea lortu zuen, 18 urte azpiko kategoriako 100 metro lau estiloan. Gainera, bere marka pertsonala hautsi zuen (12"90-ko marka du orain), eta gutxi geratu zitzaion Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko markara heltzeko.


Jone Fuentek, bere borroka-espiritu handiari esker, zilarra lortu zuen 18 urte azpiko kategoriako 1.500 metroko lasterketan, eta, 18 urte azpiko kategoriako 400 metrokoan, brontzea eskuratu zuen Mikel Valladaresek. Bestalde, brontzezko domina irabazi zuen Maider Urbietak luzera-jauzian, 18 urte azpiko kategorian.


Horrez gain, Ane Bárcena eta Aitana Rodrigo nabarmendu nahi ditugu, Alcorcónen egin zen kluben arteko Espainiako txapelketan, junior kategoriako 400 metroko hesi-lasterketan garaile izan baitziren (Bidezabaleko filial gisa parte hartu zuten gure atletek).



Atletismoko egutegia gogor doa aurrera; hurrengo hitzordua Bizkaiko txapelketa absolutua da. Animo guztiei; kemena izan entrenatzeko, eta gogoa, hobetzen jarraitzeko.