Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

‘Galdakao amestuz’ esku-hartzea egingo da ostegun, ostiral eta larunbatean Zuloaga Margolaria kalean, itxita dagoen lokal batean

Sustapen ekonomikoa   2022/06/21

Galdakaoko Udalak, Sustapen Ekonomikoko Arloaren bitartez, aspaldi identifikatuta duen behar bati erantzuna ematen dio ekimenak: Euskadi, Gipuzkoa, Gaztain, Zubiaurretarren, Joxe Miguel Barandiaran eta Zuloaga Margolari kaleetan jarduera berpizteko dagoen beharrari. Kale horietan, lokal itxiak edota hutsak dituzten guneak izanik, gauzak gertatzea bilatzen duen lan ildoan ulertzen da esku-hartzea, haietara joan eta denbora pasatzeko arrazoi bat izan dadin.


Horrela, ekainaren 23, 24 eta 25ean Zuloaga Margolaria kaleko 5. zenbakian dagoen lokalera hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu herritarrak, ostegunean, hilak 23 eta ostiralean, hilak 24, 16:30etik 20:30era, eta larunbatean, hilak 25, 10:30etik 14:30era. Kale horietako lokal itxi eta/edo hutsak dituzten hiri-inguruneei, eta zergaitik ez, Galdakao osoari buruz dituzuen ideia, amets eta desioak elkarbanatzea izango da egitekoa.


Ekimena Candy Chang artista iparramerikarrak, 2012ko Veneziako Arkitektura Bienalean aurkeztutako, I wish this was (Hau…izatea nahiko nuke) jatorrizko ideiatik sortu da. Lan parte hartzaile hau New Orleansen sortu zen jatorriz, Ethnographic Terminalia erakusketaren zati gisa, eta leku askotan jarraitu du mundu osoko komunitateen lanaren bidez.


Jarduera erraza da, baina esanguratsua, egun gutxi barru Galdakaon lurreratuko dena eta dagoeneko nazioartean erakutsi duena herritarrek zeinen erraz defini ditzaketen komunitatearen beharrak eta nahiak.

🔴 Ekimenaren BIDEOA: https://youtube.com/shorts/8mwV0cXqJcc