Igo
  • 2019/11/27

Gabonen ingurumarian, bilobekin gozatzeko jardunak izango dira nagusientzat abenduan

Ate joka dira Gabonak eta nabari da adinekoei begira prestatutako ekintzetan ere. Proposamenen artean, nabarmentzekoak dira belaunaldiarteko jarduerak; aiton-amonek bilobekin batera gozatzekoak. Hala ere, ohiko txangoak izango du bere tokia abenduan ere: Bastida ezagutzeko aukera izango dute Galdakaoko nagusiek. Ugaotik Bilboko Zazpikaleetara arteko txangoa ere proposatu du zerbitzuak, besteak beste.


Hona Galdakaoko Udalaren Gizartekintza Sailak, Pertsona Nagusientzako Dinamizaziorako zerbitzuaren bidez, abendurako prestatu duen egitaraua:


Gabonetarako lore apaingarriak egiteko tailerra. Bina orduko bi saio izango ditu tailerrak: abenduaren 11n eta 13an izango da, 10:00etatik 12:00etara, Gizartekintzaren egoitzan (Pontzi Zabala, 3). Abenduaren 2tik aurrera eman daiteke izena. Gehienez, 14 pertsonako taldea osatuko da.


Belaunaldiarteko ipuin kontalaria. Aiton-amonek eta bilobek ipuin kontalariaz elkarrekin gozatu dezatela da helburua. Olentzero eta bere lagunei buruzkoa izango da antzerkiaren laguntzarekin kontatuko duen ipuina. Abenduaren 16an izango da, astelehenarekin, 17:30etik 18:30era, Torrezabaleko haurrentzako liburutegian. Sarrera librea da, aretoa bete arte. 50 lagun sartuko dira gehienez.


✅  Belaunaldiarteko eskulan tailerra. Gabonetako jai egunen erdian, adineko pertsonek eta haurrek elkarrekin gozatzea da helburua. Loreak egiteko eskulanak izango dira horretarako tresna. Abenduaren 27an izango da, ostiralarekin, 10:30ak eta 12:30ak bitartean. Gizartekintzaren egoitzan izango da (Pontzi Zabala, 3), eta bertan eman behar da izena abenduaren 2tik aurrera. 7 bikoterentzako lekua dago.


Ibilaldia, oinez, Ugaotik Zazpikaleetara. Ibilaldi erraza da. 16 kilometrokoa, baina uneoro pista eta asfaltoa dituena, eta beraz, egokia euria ari duenerako ere. Abenduaren 19an izango da txangoa, ostegunez. Dinamizaziorako zerbitzuaren egoitzan eman behar da izena abenduaren 2tik aurrera. Gehienez, 30 pertsonak joan ahalko dute.


Bisita kulturala: Bastida. Arabako Errioxako herririk esanguratsuenetakoa, mahasti eta upategiengatik da ezaguna. Erdi Aroko gotorlekua izan zen, eta nabari da harrizko eraikuntzetan. Bere eraikinik adierazgarrienak ezagutu ahalko dituzte Galdakaoko adinekoek abenduaren 10ean, asteartea. Abenduaren 2tik aurrera izen eman behar da Dinamizazio zerbitzuaren egoitzan, eta 15 euro ordaindu behar dira. 53 lagunentzako dago lekua.


Informatika ikastaroak KZgunean. Galdakaoko eta Usansoloko KZguneek informatika ikastaro interesgarriak ematen jarraitzen dute adinekoentzat. Besteak beste, Watsapp, Gmail, Google Drive eta Facebook erabiltzen erakutsiko dute eta internetaren oinarrizko erabilera ere bai. KZguneetan bertan galdetu behar da izen emateko.