Igo
  • 2020/12/03

Euskararekiko 14 konpromiso biltzen dituen adierazpen instituzionala onartu du Galdakaoko Udalak

Gaur, abenduaren 3a, "Euskararen Nazioarteko Eguna" da.  Galdakaoko Udalak egun honen inguruko adierazpen instituzional hau onartu du aho batez:


2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA


Euskara, aurrerabide


Gizartea euskaraz biziberritzea helburu


Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo digu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.


Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz, gizartearen arlo guztietan. Berdin jokatu behar dugu hizkuntzari dagokionean ere. Euskara pandemiaren ondorio latzak sufritzen ari da, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak eta euren osotasunean garatuak izan daitezen, eragile guztiok ahaleginak eta bi egin behar ditugu.


Euskaldunok ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.


Horixe da euskaldunok -neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia- euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.


Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.


Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.


Badakigu, besteak beste, norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.


Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak komunitate egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.


Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.


Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa.


Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere.


Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz euskararen lagun orok.


Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.


Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea. Euskararen ahotsa zor diogulako munduari. Euskaraz garelako munduko herritar.


Euskara aurrerabidea delako.


Hori horrela, Galdakaoko Udal honek, honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2020ko euskararen nazioarteko egun honetan:


1. Covid-19 pandemiaren krisiak Galdakaon euskararen normalizazioan sorraraziko kalteak ebaluatu eta beraiei aurre egiteko kontingentzi-plana egin, hala badagokio.


2. Herritarrak euskaraz bizitzeko dituen hizkuntza-eskubideak bermatzeko bide-orria zehaztea, finkatzea eta garatzea.


3. Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Plan Estrategikoa garatu, euskara zerbitzu- hizkuntza izateaz gain lan-hizkuntza ere izan dadin Planean bertan ezarritako udaleko arloetan.


4. Erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.


5. Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea.


6. UEMAbabestu,indartuetazabaltzea.


7. Euskararen erabilera eta presentzia bermatu aurkezpen publikoetan eta ematen ditugun prentsa komunikatuetan.


8. Urte anitzeko hitzarmenak sustatzea euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.


9. Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.


10.Euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.


11.Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.


12.Migratzaileek euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten ekimenak aktibatzea.


13.Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.


14.Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.