Igo
  • 2018/09/24

Euskaraldia: Martxan da izen-ematea!

Hilaren 20an hasi zen Euskaraldian izena emateko epea. 16 urtetik gora badituzu, eta euskaraz berba egin edo ulertzeko gai bazara, eman izena!


"Euskaraldia, 11 egun euskaraz" ekimenean parte hartu gura baduzu, lehenengo eta behin, zein rol izango duzun erabaki behar da, horixe eskatuko zaizu izena ematen duzunean. Aukera bi dituzu: Ahobizi edo Belarriprest.


Ahobizi izatea aukeratzen baduzu hamaika egunez, euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonogaz egingo duzu euskaraz: etxekoekaz, beharrean, kalean, tabernan, dendetan, leku guztietan. Eta ezagutzen ez dituzunekaz, lehenengo berba euskaraz egingo duzu, eta ulertuz gero, hortik aurrera ere euskaraz segituko duzu.


Jarrera aktiboa eukiko duzu. Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskaraz izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo erderaz eta euskaraz, bietara, izatea ere lortuko duzu.


Belarriprest izatea bada zure ebatzia, euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula azalduko diezu, eta zugaz euskaraz berba egiteko eskatuko diezu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.


Jarrera aktiboa da zeurea ere, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zugaz euskaraz berba egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagunduko duzu eta.


Anima zaitez, eta eman izena Euskaraldian!


Baina, zer da Euskaraldia?


Gure hizkuntza ohitura, eta inertziak, aldatzeko ariketa parte-hartzailea da Euskaraldia. Eta zein da, ba, proposamena?: 11 egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskararen Egunera, bitartean euskaraz jardutea, han eta hemen, beharrean, etxean, kalean, lagunekaz...


Hainbat elkarte, herri eta erakunde publikoren babesa dauka "Euskaraldia, 11 egun euskaraz" ekimenak.  Euskaraz pentsatzen duguna baino gehiago eta gehiagogaz komunika gaitezkela erakutsi gura du Euskaraldiak, hain zuzen ere.


Eta, oraindino, zalantzan bazaude, ikusi bideo hau: Euskaraldia: zer, non, nor, noiz eta nola


Informazio gehiago:


www.euskaraldia.eus


galdakao@euskaraldia.eus