Igo
  • 2021/06/18

Euskara ikasteko laguntzak uztailean eskatu ahalko dituzte herritarrek; eta euskara arloko erakundeek, astelehenetik aurrera

Gaur, ekainak 18, Galdakaoko Udaleko Euskara arloak 2021eko dirulaguntza deialdia argitaratu du Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta ondorioz, euskara arloan ari diren erakundeek astelehenetik aurrera eskatu ahalko dituzte aurtengo dirulaguntzak. Herritarrek, uztailean egin ahalko dituzte laguntzak jasotzeko eskaerak. Euskara sustatzeko helburuz, 39.500 euro bideratu ditu Galdakaoko Udalak deialdi honetara.


Bi dira diruz lagunduko diren esparruak:


1. Euskara ikasteagatiko dirulaguntza indibidualak (15.000 euro): Euskara ikasteko jarduerak, 2020ko abuztuaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartekoak, diruz lagunduko dira. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da hilabetez, uztailaren 1etik 30era arte.


2. Euskararen eremuan diharduten entitateak (24.500 euro): 2021. urtean egindako jardueretarako dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak 15 lanegunetan aurkeztu ahalko dira, ekainaren 21etik uztailaren 9ra bitartean.


Dirulaguntzei dagokien informazioa, oinarriak, inprimakiak eta beste, eskuragarri daude Galdakaoko Udaleko "Dirulaguntzak eta subentzioak" atalean, baita Euskara zerbitzuan ere (hezkuntza-euskara@galdakao.eus helbidera idatzita edo 94 401 05 40 telefono zenbakira deituta).


2020an, esaterako, zortzi elkartek jaso zuten dirulaguntza euskararen erabilera euren eremuan nahiz komunitatean sustatzeko. Euskara ikasketengatik, 53 pertsona lagundu zituen diruz Udalak.