Igo
  • 2019/09/23

Euskaltegietan izena emateko kanpaina abiatu du udalak

Euskaltegietako matrikulazio kanpainaren azken txanpan gauden honetan, Galdakaoko Udalak bere ekarpena egin nahi du herritarrak Galdakaoko euskaltegietan izena ematera animatu daitezen; kanpaina abiatu du horretarako.


"Euskara ikasteko arrazoi on ugari daude, zein da zurea?", da kanpainarako aukeratutako leloa. Euskara ikasteko egon daitezkeen motibazio anitzetan jarri nahi izan dugu arreta. Batzuk emozionalak eta besteak arrazionalak badira ere, arrazoi denak dira egokiak euskaltegian izena eman, euskarara hurbildu eta mundu berri bat deskubritzeko.


Motibazio horiek ezagutzeko modurik egokiena ikasle errealen testigantzak jasotzea dela iruditu zaigu, eta bideo bat egin dugu horretarako. Bertan ezagutuko dugu Lucía, duela 14 urte Euskal Herrira iritsi zen pediatra argentinarra. Bertako hizkuntza ezagutzeko eman zuen izena euskaltegian, eta presarik gabe jarraitzen du euskara ikasten, ilusioz. Eder galdakoztarrak hizkuntza sakonago ikasteko beharra sentitu zuen, edozein gairi buruz euskaraz hitz egin ahal izateko. Rita boliviarrak, berriz, alabarekin euskaraz hitz egin nahi du etorkizunean, eta, bide batez, euskara herrian integratzeko oso tresna ona dela dio. Jon usansolotarrak ez du oztopo izan nahi bere etxeko hizkuntza euskara izan dadin, eta gogoratu du ikastea ez dela nahikoa; euskara erabiltzeko dela. Mirari eta Itziar badira euskaldunak, eta HABE titulua prestatzeko doaz euskaltegira.


Euskara ikastearen onurak nabarmendu nahi ditu udalak ere, eta euskarak zabaltzen duen munduan murgiltzeko deia egiten die galdakoztarrei. Ikasleen hitzak entzun ondoren, haiekin identifikatuta sentitu eta herritar askori euskaltegian izen emateko gogoa piztuko zaien esperantza du. Hortaz, ikasturte berrirako asmoak zehazten ditugun une honetan, euskarari ekiteko deia egiten du. Hau da momentua dudarik gabe aberasgarria izango den bideari ekiteko.


Ikasteko pausoa emateko ez da herritik kanpo joan behar, gainera. Galdakaon bertan, esperientzia zabala duten bi euskaltegi ditugu:



  • Udal Euskaltegia Muguru kalean (94 456 61 74)

  • AEK Joxe Migel Barandiaran kalean (94 456 41 19).


Bietan, autoikaskuntza, talde presentzialak, modulazio desberdinak eta ordutegi zabala eskaintzen dute. Deitu eta informatu!




Euskaltegian izena ematera animatzeaz gain, Galdakaoko Udalak diruz laguntzen ditu euskaltegietako matrikulak, euskara ikasteko bidea samurragoa izan dadin. Dirulaguntzei buruzko informazioa euskaltegian bertan emango da.


BERBALAGUNA EGITASMOA


Euskaraz bitzitzeko bidean aurrera egiteko beste egitasmo bat ere hastear da: Berbalaguna programan izen emateko epea zabalik dagoela jakinarazi nahi du Galdakaoko Udalak.


Berbalaguna egitasmoaren bitartez, euskaraz ondo moldatzen den jendea eta praktikatu behar duena nahasten da: batzuek zein besteek euskaraz mintzatzeko eta praktikatzeko aukera izan dezaten, kideen arteko harreman sarea sendotuz. Azken batean, helburua herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da eta euskararen presentzia areagotzea.


Astean ordubeteko saioak izaten dira Berbalagunenak eta matrikulazioa doakoa da. 607 14 68 55 telefono zenbakian zein galdakao_berba@aek.eus helbidean eman daiteke izena.


Bertan parte hartzea sustatzeko helburuz, informazioa zabaltzeko bandoa kaleratu du Galdakaoko Udalak.