Igo
  • 2020/03/27

Etxez etxeko langileentzako babes materiala Arratiako herri guztiei banatzeko ardura hartu du Galdakaok

Etxez etxe laguntza zerbitzua ematen ari diren langileak Koronabirusaren aurrean babesteko material falta zutela eta, horri aurre egiteko akordioa egin dute Osakidetzak eta Eudelek, eta Galdakaoko Udalak bere laguntza ematea erabaki du: Osakidetzak udalerrien eskura jarriko ditu langile horientzako babeserako ekipoak eta Eudelek banatuko ditu herrietan. Galdakaok lan aktiboa hartu du beregain, babeserako eskularru, maskara eta bestelakoak banatzerakoan: Arratia osoari dagokion material guztia hartu du, herri bakoitzari dagokion kopuruaren arabera multzoka banatu du, eta herri bakoitzari dagokiona ematen ari da. Aurretiazko lanak amaituta, gaur ari da banaketa egiten.


Galdakaoko Udaltzaingoaren egoitzan gorde da material guztia, eta, sailkatu ondoren, bertan ari zaio banatzen Arratiako herri bakoitzeko arduradunari. Galdakaoko udaltzainburua da materiala gorde eta banatzeko ardura hartu duena.


Aldiro errepikatuko diren lanak dira lehen aldiz asteon egindakoak. Eudelen aurreikuspenen arabera astero banatuko dira babeserako material horiek, eta Galdakao prest agertu da eginbehar hori bere gain hartzeko. Hain zuzen, Galdakaoko Udalak elkarlanaren bitartez Koronabirusari aurre egin eta herritarrak elkar lagunduta zaintzeko egin duen apustua berresten du.