Igo
  • 2021/03/16

Etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen bitartekari lana egingo du Udalak, Alokabiderekin

Etxebizitza huts asko daude Galdakaon; 1.200 inguru, errolda datuek diotenaren arabera. Etxe premia izan arren egungo alokairu urri eta garestiak ordaintzerik ez dutenak ere asko dira. Horien artean bitartekari lana egingo du Galdakaoko Udalak. Hitzarmena egin du Alokabiderekin, etxea alokairuan jartzen duenari segurtasun eta ordainketa berme guztiak eskaintzeko. Udala, hutsik dauden bizitoki horiek mugiarazten saiatuko da eta tramite guztietan lagunduko ditu bai etxea alokairuan jartzen dutenak, bai etxea alokairuan hartu nahi dutenak. Alokatzeko aukera izan nahi dutenek Etxebiden izen emanda egon behar dute.

Galdakaoko udal gobernuak lehentasuntzat hartua du etxebizitzaren arazoari irtenbidea bilatzea; gaiaren inguruan lanketa sakona egin eta konponbide anitzak eman nahi ditu. Orain arte Galdakaon izan ez den lan ildo berri bat martxan du hargatik, eta horregatik dago jasoa bide orri duen gobernu planean ere. Honakoa dio 100 puntuko planaren 50.ak: "Etxebizitza sozialen plana sortu". "Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko programa" aipatzen du 51. puntuak.

Hain zuzen, horri begira zubi lana egingo duela azaldu du Nerea Orozko Etxebizitza zinegotziak, eta etxe hutsak dituzten herritarrei Udalak jarri duen zerbitzura jotzeko deia egin die, instituzioen segurtasun berme guztiak izango dituztela gogoratuta.

Veronica Pablos arituko da tramite horietan laguntzeko lanean. "Dauden etxebizitza huts horiek erabiltzeko, Udala bitartekari bezala arituko da", azaldu du; "etxebizitza hutsen jabeekin harremanetan jartzen saiatuko gara beren etxeetara gutun eta triptikoak bidaliz, programa horrek dituen abantailen berri emateko". Deiari erantzun, eta Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu die Pablosek.

Egitasmoan parte nola parte hartu ere azaldu du: Hutsik dagoen etxebizitzaren jabeak Alokabideren esku utziko luke etxea, eta alokatzen hasten den unetik hilero jasoko luke dagokion dirua, baita etxean inor bizi ez den garaietan ere, edota maizterrak ordainduko ez balu ere. Etxearen kontserbazio eta zaintza egokia ere Alokabidek bermatuko luke.


Honakoak dira, zehatz, Alokabidek bermatuko dituen alor nagusiak:

1.- Etxebizitza hutsen errentamenduaren kudeaketa integrala.

2.- Errentaren 6 urteko alokairua eta errenta hilero kobratzea.

3.- Etxebizitzaren mantentze lanak eta kontserbazioa.

4.- Kontratua amaitzean etxebizitza kontserbazio egoera berean itzultzeko bermea.

5.- Etxeko arrisku anitzeko aseguru baten kontratazioa, Alokabideren kontura.

Bien bitartean, Udalak zerbitzu hauek emango ditu:

1.- Alokabideren edukiei eta abantailei buruzko informazioa ematea.

2.- Etxebizitza hutsen jabeei eskabide inprimakiak helaraztea.

3.- Galdakaoko etxebizitza hutsen inskripzioa, alokabideren programan.

3.- Alokairuko etxebizitzen eskatzaileei informazioa ematea eta Etxebideko inskripzioan laguntzea.

4.- Dauden diru laguntzen berri ematea.

5.- Gazteen beharrizanak arreta bereziz lantzea.

Hau da, tramitazioak egiteko bide horretan lagunduko du Udalak herritarra, baliabideak beharra duten herritarren esku jar daitezen eta jabeek lasai alokatzeko berme guztiak izan ditzaten. Guztien onerako izango da.

Informazio gehiagorako edo tramitazioetarako laguntza eskatzeko, deitu telefono honetara: 944010529.