Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Eskola materiala erosteko diru laguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak, lehen aldiz

Hezkuntza   2023/09/15

Irailetik azaroaren 15era bitartean Galdakaoko saltokietan erositako eskola materiala ordaintzen laguntzeko emango da laguntza. Orain fakturak gorde, eta abenduan aurkeztu beharko dira eskabideekin

Galdakaon erroldatuta dauden haurren gurasoei eskola materiala erosten laguntzeko diru laguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak, lehen aldiz. Eskola adinean daudenen familiek jasoko dute laguntza irailetik azaro erdira erositako eskola materiala ordaintzeko. Hainbat helburu ditu egitasmoak: hezkuntza jarduera sustatzea, ikasturte hasieran horrenbeste gastu izaten dituzten familiak laguntzea eta tokiko merkataritza bultzatzea. Gehienez 100 euroko laguntza emango da Galdakaon erroldatutako ume bakoitzeko, Galdakaoko dendetan eskola materialerako egindako gastuak arintzeko.

Diru laguntza horiek bideratzeko, Galdakaoko Udalak 30.000 euroko zenbatekoa jaso zuen 2023ko aurrekontuetan, oposizioaren proposamena aintzat hartuta, eta akordio horri esker onartu zuen partida udalbatzarrak. Edozein kasutan, diru laguntza lerro berri bat izanik ezinezkoa denez jakitea zenbat eskabide egongo diren, zenbatekoa handitzeko asmoa du Udalak, epe barruan eta behar bezala egindako eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Diruz lagunduko diren erosketak irailetik azaroaren 15era bitartean Galdakaon eginak izan behar dute, eta erosketak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztu beharko dira, abenduan. Erosketa horiek ordaindu egingo zaizkie familiei, gehienez 100 euro haur bakoitzeko. Hurrengo urteari begira laguntza errentaren araberakoa izan dadin ari da lanean Udala, sistema progresiboen lanketak denbora eskatzen baitu. 

Galdakaoko Udaleko Hezkuntza Arloak kudeatuko ditu diru laguntza horiek eta une honetan izapidetze administratiboa egiten ari da. Orain arte ez denez horrelako laguntzarik eman, udalbatzarrak onartu beharko ditu oinarri horiek, osoko bilkuran. Urriko bilkuran onartuko direla aurreikusten da. Orduan zehaztuko dira data guztiak, eta jakinaraziko da eskabideak aurkezteko epe zehatza.