Igo
  • 2021/11/28

Errekei adi egoteko eta autoak ibai inguruetatik kentzeko eskatzen die Udalak herritarrei

Azken orduetako euriteek ez dute etenik izango oraingoz, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarria du gaur 15:00etatik aurrera. Eragin daitezkeen egoeren aurrean, adi egoteko eta autoak ibai inguruetatik kentzeko eskatzen du Galdakaoko Udalak.
Egoera aztertu eta hartu beharreko neurriak erabakitzeko, Galdakaoko Udaleko Uholdeen Larrialdi Mahaia bildu da gaur goizean. Oraingoz arriskurik ez dago herrian, baina 15:00etatik aurrera egoera okertu daitekeela iragarria dagoenez, herritarrei dei egitea erabaki du Udalak: uholdeak izateko arriskua duten guneetan bizi direnei gaur arratsalde eta gauean adi egiteko eskatzen die, eta autoak ibai edo erreka inguruetatik aldentzeko. Bereziki, autoa Zuhatzun aparkatuta dutenei egiten die handik kentzeko deia, Maxamen aparkalekua autoak uzteko leku ona izan daitekeela gogoratuta. Ibai inguruko gainerako lekuetan dauden autoekin ere berdin jokatzeko gomendatzen da.
Arazoak saiheste aldera, mendialdeetatik datorren ura biltzen den dekantagailuak eta arketak etengabe errebisatu eta garbitzen ari da Udala; ostiralean garbitu zituen, eta atzo eta gaur errepasoak egiten ari da. Horrela, batez ere enbor, adar eta hostoek uraren jarioa oztopatzea saihesten ari da, eta ondorioz, uholde arriskua nabarmen txikitzen. Zuhatzu inguruan ura bideratzeko egiten ari diren lanen eragina ere nabaritu da, metro kuadroko 40 litrotik gora bota duen arren uholderik ez baita eragin. Hala ere, lanak amaitu gabe egonik, adi egon beharra dago oraindik ura ez dela ubidetik ateratzen ziurtatzeko. Ura bere bidetik aterako balitz, Udalak hartu beharreko neurriak hartuko lituzke.
Hala ere, oraingoz, ubideei adi egoteko deia egiten du Udalak, eta uholde arriskua izan dezaketen guneetan bizi diren herritarrei abisua zuzenean bidaliko diela jakinerazten du: sms mezuak igorriko zaizkie egoeraren berri emateko. Adinekoen erresidentziak ere jakinaren gainean daude dagoeneko.