Igo
  • 2021/09/22

Erletxe industrialdea sustatzeko akordioa egin dute bertako enpresen elkarteak eta Galdakaoko Udalak

Erletxe Industrialdeko Enpresa Elkarteak eta Galdakaoko Udalak akordioa egin dute industriagune hori hobetzea helburu hartuta. Handia da enpresen gune hori, herriko handiena; enpresa asko ditu, eta aukeraz beteta dago. Utzia egon zen urtetan, ordea, eta gainbehera hasi zen. Udal gobernu honek, herriarentzat estrategikotzat hartu, eta bere industria sustatzeko lanari ekin zion. Horren ondorioz sortu zen, 2020ko martxoan, Erletxe Industrialdeko Enpresa Elkartea (EIEE), bertako enpresak, batuta, indartsuago egiteko. Udaletxean egindako jardunaldietan aurkeztu zuten elkartea, eta elkarlanerako nahia azaldu zuten bai elkarteak eta bai Iņigo Hernando alkateak. Orain, beste urrats bat egin da bide horretan.

Elkarlanerako akordioa sinatu dute Begoņa Ojanguren EIEE elkarteko lehendakariak eta Javier Ibarretxe Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, Hernando alkatearen eta elkarteko beste hiru ordezkariren babesarekin. Erletxe industrialdea hobetzeko jarduerei ekitea adostu dute, horretarako EIEE elkartearen kudeaketa planak eta ekintza planak jasotzen dituen lehentasunak oinarri hartuta. Zehazki, eraikita dauden azpiegiturak hobetu eta mantentzeko lanetan indar egitea hitzartu dute bi aldeek.

Jarraipenerako batzordea osatzea ere erabaki dute Udalak eta elkarteak. Bi aldeek elkarlanean sakonduko dute, Erletxe industrialdearen hobekuntza etengabea helburu hartuta. Jarraipen batzordeko lehendakaria alkatea izango da (edo hark ordezkotzat izendatzen duena). Bi bokalak Sustapen Ekonomikorako zinegotzia (edo haren ordezkoa) eta EIEE elkarteko lehendakaria (edo ordezkoa) izango dira. Idazkari lanetan, Toki Garapen eta Enplegu zerbitzurako koordinatzailea (edo ordezko teknikaria) arituko da.

Industriagune sendoa izatea herriarentzat garrantzitsua dela jakitun ari da bidea jorratzen Galdakaoko Udala, bertako enpresek lanpostuak eta aberastasuna ekartzen baitituzte. Kontuan hartu behar da Erletxeko poligonoak 142 enpresa biltzen dituela eta Bizkaiko industrialderik handiena dela. Horien erdiak EIEE elkartean batu dira, eta bai elkartea bai industriagunea sendotzeari begira arituko dira elkarlanean elkartea eta Udala.