Igo
  • 2022/05/13

Erletxe industriagunea indartzea apustu estrategikoa dela adierazi du Iñigo Hernando alkateak

Erletxe Industrialdeko Enpresa Elkartea bere lehen Batzar Orokorrean batu da eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea gonbidatu du hasierako hitzartzea egitera. Gobernura sartu bezain laster egin zuen apustua berretsi du alkateak: “Udalarentzat Erletxeko poligonoa apustu estrategikoa da”. Hortaz, eskutik hartuta hasia duten bideari jarraitu eta “akordioz eta inteligentziaz” elkalanean segitzeko deia egin du.

“2019an gobernura heldu ginenetik oso argi izan dugu Udalak aurrerapauso bat eman behar zuela eta elkarlana bilatu herrian dauden enpresa eta industriekin”, adierazi du. Zentzu horretan Erletxeko industriagunea da ardatz nagusietakoa, eta indartzeko apustua egin du. Gainera, egindako lana fruitua ematen ari dela eta, gustura agertu da alkatea. Emaitza horren adibide jarri du Erletxen dauden enpresak elkartean bildu izana eta Udalarekin egindako hitzarmena; “batasun horrek indartu egiten zaituzte”. Enpresariak ikusten ari dira babes horren onura, eta gero eta gehiago batzen ari dira elkartean; azken urtean ia bikoiztu egin dira kideak. Duela urtebete 48 bazkide batzen zituen EIEE-AEPIE elkarteak, eta, gaur egun, 86. 

Udaletxearekiko elkarlanari esker, argiteria eta garbiketa hobetu dira, adibidez, eta seinaletika lantzen ari dira. Horrez gain, elkartea Erletxeko lurren egoerari buruzko azterketa bat egiten ari da, Udalaren babesari esker. Alkateak adierazi duenez etorkizunerako giltzarria izango da azterketa hori, elkartearen eta udalaren arteko elkarlana sakondu eta ardurak banatzeko oinarria izango baita. “Eta hori da hitz klabea: etorkizuna”, esan du. 

Beste asmo baten berri ere eman du Hernandok: “Hor gabiltza Hiri Antolamendu Orokorrerako Plana berritzeko lanean eta horren parte bat izango da Erletxeko poligonoa aukeraz betetzea, handitu ahal izatea, are enpresa gehiago erakarri ahal izatea eta are industriagune indartsuagoan bihurtzea. Esan dudan bezala: akordioa, elkarlana eta kudeaketa inteligentziaz; hori da datozen urteetarako duguna, etorkizunari begira».