Igo
  • 2022/09/07

Eraso matxisten aurkako protokolo bateratua aurkeztu dute Udalak, mugimendu feministak eta Jai Batzordeak

Aurtengo Santakurtzak hasteko bi egun eskas falta direnean, jaietan gerta daitezkeen eraso matxisten aurka, protokoloa aurkeztu dute gaur egin den prentsaurrekoan. 

Iñigo Hernando alkateak, Nerea Orozko Udaleko Berdintasun zinegotziak, eta Momoak talde feministako zein Erabide emakumeen taldeko ordezkariek aurkeztu dute protokoloa, Jai Batzordea osatzen duten herriko eragile ezberdinetako dozenaka kideen babespean. 

Udaleko Berdintasun arloak eta herriko talde feministek landu dute protokoloa, eta Jai Batzordearen zein Txosnen Kolektiboaren babesa jaso dute.

Iñigo Hernando alkateak mezu argi bat igorri die bai herritarrei, bai jaietara kanpotik etorriko direnei: “Galdakaon ez da eraso matxistarik onartuko”. Horretarako eskuartean dituen baliabide guztiak jarriko dituela jakinarazi du, eta herriko eragileak batera arituko direla lan horretan; herritar bakoitzari, norbanakoei ere, hala jarduteko deia egin die. 

Nerea Orozko Berdintasun zinegotziak gogoratu du jaietan biderkatu egiten direla erasoak eta horren aurrean koordinatuta egoteko beharra plazaratu du. Horretarako prestatu den protokoloaren nondik norakoak ere azaldu ditu.

Protokoloak 24 orduz funtzionamenduan egongo den telefono zenbaki bat jasotzen du (688 719 309), zeinak zalantzak argitzeko zein biktimari arreta egiteko balioko duen. Telefono horretan biktimari beharrezko informazioa, arreta eta laguntza emango zaio, eta berak erabakiko du zer egin. Ildo horretan Orozkok nabarmendu duenez, “biktimaren erabakia errespetatuko da”. Gaineratu du eragile guztiak “pauta berberetan jardutea” eta “zurrumurruak saihestea” ezinbestekoa dela. 

Jaietan zehar eraso matxistaren bat gertatuko balitz, Galdakaoko Udalak Krisi Mahaia deituko luke hartu beharreko erabakiak proposatzeko. Erabakiak udal talde guztien ordezkariak batzen dituen batzordera eta mugimendu feministarengana helaraziko lirateke. Nerea Orozko zinegotziak azpimarratu du eraso guztiak larriak izango direla eta guztiek edukiko dutela erantzun irmo eta adostua. 

Indarkeria matxistaren aurka eragile izan daitezken guztiek batera eragiteko bide horretan, tabernak ere aktibo eta antolatuta egongo dira aurten; puntu morea izango dira, gune segurua emakumeentzat. Hala azaldu du Garbiñe Sagardui Momoak-eko kideak. Taberna horiekin mapa bat ere prestatu dute mugimendu feministak, txosnen kolektiboak eta jai batzordeak, eta tabernetan zein jai gunean zabalduko dute. Halaber, ‘Matxismoarekin jai daukagu, matxismorik gabe jaiak dauzkagu’ kanpaina abiatu du Udalak, mugimendu feministarekin, Jai Batzordearekin eta Txosnen Kolektiboarekin.

Talde horietako dozenaka ordezkariz gain, Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako kideak ere izan dira agerraldian.

PROTOKOLA HEMEN IRAKURRI (PDF)