Igo
  • 2022/04/08

Erabat berritua eta erabilgarri dago Lekubasoko aisialdi gunea

Parrilla gehiago eta berriak; tamaina desberdinetako mahai eta aulki ugari; haurrentzako egurrezko jolasgunea; euria egiten duenerako aterpe bi, mahai eta guzti… Berritua dago Lekubasoko aisialdirako gunea, atsegina, erabilgarria eta inguruarekiko errespetua mantenduta. Bertaratu eta gozatzeko deia egiten die Galdakaoko Udalak herritarrei; erabiltzekoa, baina errespetuz jardun eta guztiona dena guztion artean zaintzekoa.

Garai batean naturaz eta aisialdiaz gozatzeko leku kutunetakoa zen Lekubaso eta dozenaka herritar bertaratzen ziren eguraldi ona zen asteburuetan, familian zein lagunartean egunpasa gozoak igarotzera. Urtetako zaintza ezak, ordea, gainbehera eraman zuen, eta utzia eta erabat hondatua egon da hainbat urtetan. Bertaratzeko bidea ere, zuloz eta oztopoz betea zegoen. 

Horri guztiari buelta eman, eta beste garai bateko erakargarritasuna berreskuratu du Lekubasok. Erretoki eta mahai ugari ditu orain aisialdirako guneak, bertaratzeko errepidea konponduta dago, eta txiki zein nagusiek aire librean naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du.

Lanak bukatuta, Udalak bere Gobernu Planean 15. puntuan jaso zuen neurria bete du, eta baita herritarren eskaria ere. Izan ere, 2020ko kontuetarako aurrekontu parte hartzaileetan babes gehien jaso zuen proiektua izan zen Lekubaso egokitzea eskatzen zuena.

Ingurumenarekiko errespetua izan da berritzean erabilitako irizpide nagusietako bat, eta egurra da, horregatik, material errepikatuena. Haurrentzako jolasgunea ere egurrezkoa da, naturarekin bat egiten duena. Eta irisgarria. Hain zuzen, beharrizan bereziak edo mugikortasun arazoak dituzten haurren beharretara ahalik eta gehien egokitzeko apustua egin du Udalak. 

288.000 euro erabili dira gunea berreskuratzeko, eta, lehen gertatu zen bezala berriro hondatu ez dadin, Udalak haur jolasen mantenurako duen kontratu jarraituaren barruan sartu du Lekubasoren mantenua. Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak, Nerea Orozko Ingurumen zinegotziak eta Agustin Azpuru Lurralde Antolaketarako zinegotziak berreskuratutako guneaz gozatu eta ingurua zaintzeko deia egin die herritarrei.