Igo
  • 2021/06/21

Enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digitala egiten lagunduko die Galdakaoko Udalak, Suspertu Digitala 2021 programaren bitartez

Irekita dago jadanik epea eraldaketa digitala bultzatu nahi duten herriko enpresek Galdakao Suspertu Digitala 2021 programan izena emateko. Programa hau Galdakaoko Udalak bultzatu du, Bizkaiko Foru Aldundiak abian dituen Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko 2021eko Dirulaguntzen babespean.

Enpresek mundu digitalaren aurrean izan ditzaketen era askotako beharrei erantzuten laguntzea da programaren helburua, eta horren barruan daude diagnostikoa lantzea, zenbait kontsultoretza eta prestakuntza ordu, eta enpresa partaide bakoitzari egokitutako bideorri pertsonalizatua egitea. Programak 3 fase ditu:

1- Parte hartzen duen enpresa bakoitzari, banakako bileren bidez egindako diagnostikoa (4 ordu kontsultoretza enpresa bakoitzeko).

2- Irakasle, aditu eta coach-ek bideratutako Workshops saioak. Eraldaketa digitalaren hainbat arlo aztertuko dira, parte hartzen duten negozioak kualifikatzea eta digitalki eraldatzea helburu hartuta. (36 ordu prestakuntzan, gaikuntzan eta mentoringean).

3- Erakunde bakoitzaren ibilbide orriaren diseinua egitea. Negozio bakoitzari ikusaraztea zer den garrantzitsua, zer premiazkoa, eta horri heltzeko aukera edo beharrak, etorkizunean inplementaziorako diru laguntzak eskatu ahal izateko.

Galdakao Suspertu Digitala 2021 programa Galdakaon finkatutako enpresei bideratuta dago, bereziki enpresa txiki eta ertainei. Lurraldearentzat lehentasunezkoak diren sektoreetako enpresak erakartzeko indar berezia egingo da; hau da, industria arlokoak, handizkako merkataritzakoak edota industriari lotutako zerbitzuen arlokoak.

Formazioa guztiz doakoa da enpresentzat eta horiei gomendatzen zaie enpresako profil espezifikoak (gerentzia, giza baliabideak, informatika.) beraien ardurekin lotutako lan saioetara joan daitezen sustatzea, enpresan eraldaketaren ikuspegi bateratu bat sortu dadin eta bai diagnostikoa, bai ibilbide orria ahalik eta egokiena izan daitezen.

Ekainaren 30ean aurkeztuko da programa, Torrezabaleko 3. Aretoan egingo den jardunaldian.

Suspertu Digitala 2021 programan parte hartu nahi duten enpresek izena eman dezakete ondoko estekan dagoen formularioaren betez, eta ondoren, Udala haiekin jarriko da harremanetan:


Galdakaoko Udalak programa honetan parte hartzera animatu nahi ditu enpresak, eraldaketa digitaleko plan bat eginez ekonomia suspertzen eta hobetzen lagun baitezake.