Igo
  • 2018/10/01

Enplegu Plana 810.000 euroraino handitu da Galdakaon eta urrian 46 pertsona kontratatuko dira

Langabezian dauden eta Lanbidek ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten berrogeita sei pertsona kontratatuko dira urrian hasita, Galdakaoko udalak bultzatu eta Lanbidek subentzionatutako Enplegu Plan berrian. Enplegu Plan berri hau aurreko deialdikoa baino 168.000 euroz handiagoa da, 810.000 euroraino iritsiz.


Lan-kontratuak lanaldi osokoak izango dira eta 6 hilabeteko iraupena izango dute, 2018ko urrian hasi eta 2019ko martxora arte. Pertsona horiek Lanbidek hautatuko ditu hasiera batean, enplegu eske inskribatuta dauden langabeak izan eta deialdiaren baldintzak betetzen dituztenen artean.


Aurten, programa hauetan inoiz ere parte hartu ez duten pertsonak izan daitezen, Lanbidetik baldintza bat sartu da, hain zuzen ere, aurreko urteetan kontratatutako pertsonek ezin izango dutela parte hartu.


Datozen egunetan lau proiektu abiatuko dira. Kontratutako pertsonek zeregin desberdinak egingo dituzte taldeka, besteak beste, bidezidorrak eta ingurune naturalak mantentzea, parkeak eta ikastetetxe eta ospitale inguruak zaintzea, hiri-espazioak mantentzea eta apaintzea, eta altzariak mantentzea.


Momentu hauetan, lau proiektu hauek aurrera eramango duten erakunde espezializatuak dira aurretik langabezian zeuden Galdakaoko pertsonekin hautatzeko prozesua egiten ari direnak.


Fernando Izagirre alkateordeak, Txema Larrabal, Enplegu Arloko zinegotziarekin batera, ekimenaren aurkezpenean adierazi duenez, "horrela jarraitzen dugu udalerri mailan enplegua sustatzen. Lau proiektuek helburu bikoitza dute: alde batetik, langabezian dauden pertsonak prestatzen eta kontratatzea eta, bestetik, Galdakaon bizi garen pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, bai udalerriko bidezidorrak eta ingurune naturalak, bai hiri-espazioak eta altzariak egoera onenean mantentzea".


Bere aldetik, Larrazabal zinegotziak zera azpimarratu du: "Kasu batzuetan, enplegu-plana da eta, beste batzuetan, prestakuntza eta enplegu plana, lanpostua betetzeko gaitzailea. Kontratazioei dagokienez, beste aspektu aipagarri bat da lanaldi osokoak direla". Horrezaz gain, "ekimen ugari jarri ditugu martxan, enplegua sortzeko helburuarekin, datuek norabide horretan apostu egiten jarraitu behar dugula diotelako. Gure helburua da Galdakaoko langabezia murriztuz jarraitzea".


Enplegu-plan berri honetan planteatu diren lau proiektuak ondokoak dira:


1. Proiektua. "Hiri-espazioen mantenimendua eta apainketa"


5 lan-kontratazio aurreikusita ditu.


2. proiektua."Agente Zibikoak"


15 lan-kontratazio aurreikusita ditu. Ikastetxeetara doazenean ikasleei lagundu eta parkeak eta lorategiak zainduko dituzte. Era berean, Galdakaoko ospitalearekin kolaboratuko da bertako sarbideetan eta aparkalekuetan.


3. proiektua."Berdeguneen zainketa eta mantenimendua"


12 lan-kontratazio aurreikusita ditu. Beste zeregin batzuen artean, Enplegu Berdearen Planean lanean hasi diren pertsonek sasiak eta sastrakak garbituko dituzte, bideak eta hormatxoak konpondu, ingururun naturaletan zuhaitzak berriro landatu, landare inbaditzaileak kendu eta basogintzako bestelako lan batzuk.


4. proiektua."Asistentzia anitzeko taldea: Hiri-altzariak"


14 lan-kontratazio aurreikusita ditu. Besteak beste, Asistenzia anitzeko Taldearen Planean lanean hasi diren pertsonek hiri-altzariak, bankuak, peperontziak., berreskuratu, garbitu eta egokitzeko jarduerak egingo dituzte.