Igo
  • 2019/11/26

Emakume Master Cup pilota txapelketako final erdiak, igandean, Galdakaon

Emakumezko pilotari onenak Galdakaon lehiatuko dira igande eguerdian; Kurtzeko pilotalekuan izango dira Emakume Master Cup txapelketaren final erdiak. Galdakaoko Adiskide pilota elkarteko neskatoak ere horien ondoan aritzeko aukera izango dute, txapelketako antolatzaileek final erdiko partiden aurretik lagunarteko partidak egiteko gonbita egin baitiete herriko neskatoei. Hori antolatzen ari da Galdakaoko pilota elkartea.


Txapelketaren baitan, lau partida izango dira 12:00etatik aurrera Kurtzeko pilotalekuan: Leire Garai eta Miriam Arrillaga aurrez aurre arituko dira goi mailako pilota mixtoari dagokion lehen partidan, eta bigarrenean, Laia Salsamendi Miren Larrarteren aurka.


Pilota goxuari dagokion ataleko lau pilotariren artean hiru, bizkaitarrak dira. Lehen partidan Patri Espinar usansoloarra Olatz Arrizabalagaren kontra arituko da. Bigarrenean, Leire Etxaniz eta Iera Agirre izango dira aurrez aurre. 12:00etan hasiko dira lehia partidak, eta ETBk zuzeneko emanaldia egingo du bere lehen katean.


Final erdi horien aurretik herriko neskatoak jardun daitezen lanean ari da Adiskide elkartea, eta, oraindik erabat baieztatu gabe dagoen arren, partidaren bat izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. 11:00etatik aurrera izango lirateke lagunarteko partida horiek.


Halako txapelketen garrantzia nabarmendu du Iker Amarika Emakume Master Cup-en antolatzaileak, Galdakaoko udaletxean egindako agerraldian. "Neskatoak eta emakumeak frontoira hurbildu daitezela eta jokatu dezatela da helburua. Bide asko dago oraindik egiteko, baina pixkanaka ari gara aukerak sortzen", adierazi du. Norabide horretan pilota elkarteak egiten ari diren lana eskertu du, Galdakaoko Adiskide taldearena espresuki nabarmenduta.


Frontoietan emakumeen presentzia areagotzen ari dela agerikoa da, eta zenbakiek ere argi uzten dute hori. Aurten, esaterako, 92 pilotarik parte hartu dute Emakume Master Cup txapelketan. Inoiz baino gehiago. "Errekorrak" hausten jarraitzeko asmoa azaldu du Amarikak, eta zentzu horretan Galdakaoko Udalak erakutsitako "konpromisoa" goratu du.


Edurne Espilla zinegotziak azaldu du apustu horren zergatia: "Halako edozein krirol praktika ekartzea onuragarria da herriarentzat eta bertako herritarrentzat. Are gehiago emakumeen kirola denean". Emakume kirolarien lana ikusgarri egitearen garrantzia ekarri du mahai gainera Galdakaoko Udalaren ordezkariak, eta hartan laguntzea eskatu du: "Kirol karreran aurrera egiteko plazak behar dira, eta gu, hor egongo gara".


"Kirolak, berez, ez du generorik", esan du irmo Espillak; "baina oraindik genero kutsadura izaten du". Eta herriko pilota elkartea jarri du adibide. Bost neskato ari dira egun Adiskide elkartearekin pilotan: "lehen baino gehiago, baina seguru nago, etorkizunean baino askoz gutxiago".


Galdakaoko pilota elkartean ari diren bost neskatoak eredutzat jarri, eta haien lana goratu du udalaren izenean: "Eskerrak eman nahi dizkiet bost neskato horiei herriari egiten dioten ekarpenagatik estereotipoak apurtuz". Emakume Master Cup txapelketan ari diren pilotari guztiei ere eman dizkie eskerrak pilota emakumeena ere badela erakutsi eta eredu izateagatik.