Igo
  • 2021/03/29

Elexaldeko institutuko ikasleek Greziako Katerinikoekin izandako truke esperientzia azaldu diote alkateari

Azken bi urteotan kultur eta ondare trukean aritu dira Galdakaoko Elexalde institutuko ikasleak eta Greziako Katerini herriko institutukoak. Europako Erasmus+ programaren barruan Discover and share your identity mark proiektuan parte hartu dute, eta tristuraz diote amaitzear dela: maiatzara artekoa da programa. Aberatsa izan da oso esperientzia, bai irakasleen eta bai ikasleen hitzetan. Pandemiak erdian harrapatuta nahi bezala garatu ezin izan duten arren, uste baino gehiego ikasi dute, ikasleek eta irakasleek Galdakaoko alkateari kontatu diotenez. Ondarearen ikuspegitik ez ezik, hizkuntza ekarpena ere izan da: hartu-eman guztiak ingelesez izan dituzte, eta hizkuntza barneratu eta naturalizatzen lagundu die horrek ikasleei.

Bertatik bertara eman die esperientziaren berri Gemma Gutierrez eta Iratxe Cuņado irakasleek eta Elexalde Institutuan batxilergoko lehen mailan egonik esperientzian parte hartu duen ikasle taldeak Iņigo Hernando alkateari. Udaletxeko pleno aretoan hartu zituen guztiak alkateak, aurreko astean.

Esperientzia bizi dutenek kontatu dutenez, Greziako ondarea ezagutzeko aukera eman die egitasmoak; Macedonia zenaren inguruko kultura, pertsonaia mitologikoak, janaria, kirolak eta beste bertatik bertara ezagutzekoa; hango bizimodua bizitzekoa. Eta ez hangoa soilik, hangoei euren etxekoaren berri emateko lanean jarrita, ikasle galdakoztarrek ere bere buruaz, Euskal Herriaz, bertako paraje, kultura eta mitologiaz pentsatzen zutena baino gehiago ikasi dutela diote. "Oso aberatsa izan da". Sorpresak ere izan dituzte, espero ez zituzten antzekotasunak topatu baitituzte bi herrien artean.

Iaz bizi izan zuten esperientziaren unerik sutsuena, Katerinira bertara joanda. Bertatik bertara partekatu zituzten bateko eta besteko kultura eta bizimoduak, egonaldia hango familien etxeetan eginda. Pandemiak aldrebestu egin zituen planak, ordea: behar baino egun bat lehenago itzuli behar izan zuten mugikortasuna orduan hasi baitzen murrizten. Gero, Katrinikoak Galdakaora etorrita itzuli behar zieten bisita ezin izan zuten egin. Zailtasunei irudimenarekin -eta teknologien laguntzarekin- aurre egin diote halere; "mobilitate birtuala" landu dutela dio Gutierrezek. Online jarraitu dute harremanetan: bi herrietako kirolak grabatu dituzte erronka bailira, bateko eta besteko janariak egiten ere online ikasi dute.

Alkateak protagonista galdakoztarren ahotik ezagutu du esperientzia eta gonbitea ere igorri dio Kateriniko taldeari, bideoa bidalita. Trukeko bisita bueltatzeko, Galdakaok besoak zabalik hartuko dituela esan zien.