Igo
  • 2019/10/10

Elexaldeko igerilekuko taberna berriro zabaltzeko eta igerilekuari estaldura mugikorra jartzeko prozesua abiatuko du Udalak

Herritarrek urtetan adierazitako nahiari erantzunda, galdakoztarrei aisialdiaz gozatzeko aukera areagotuko dien bi proiektu gauzatzeko prozesua abiatuko du Galdakaoko Udalak.


Batetik, Galdakoztarrek horren kutuna duten eta urtetan itxita egon den Elexaldeko taberna berpizteko apustua egin du udal gobernuak: igerilekuko taberna berriro zabaltzea erabaki du. Barrualdea erabat konpondu beharko du hartarako, eta kanpoaldean hainbat egokitzapen egin. Kanpoaldeko lan horiek irisgarritasun arazoak konpontzeari begirakoak izango dira batez ere. Kontutan hartu behar eskailerak direla tabernarako sarbide bakarra, eta hori muga dela zenbait erabiltzailerentzat. Arazoa igogailu bat jarrita konpontzea aurreikusten du udal gobernuak.


Elexaldeko taberna konpondu eta egokitu ahal izateko prozedura abiatuko du lehenik udalak, eta behin konponketak eginda, konkurtso bidez erabakiko da tabernaren ustiaketa noren esku geratuko den.


Bestetik, Elexaldeko kanpoko igerilekuari estalkia jartzea erabaki du. Hala, igerilekuaz udan ohi bezala gozatzeaz gain, neguan ere gozatu ahalko dute herritarrek estaldura mugikorrari esker. Uraren tenperatura ere egokituko da, igerilekua klimatizatu bihurtuta.


Iraunkortasuna ere kontutan hartuko da udalak lanak gauzatzerako orduan, eta bide horretan, energia aurrezteko hainbat neurri hartuko ditu: esate baterako, eguzki plaka fotoboltaikoak ipiniko ditu indar elektrikoaren erabilera murrizteko, eta igerilekuko ura berotzeko erabiltzen den gas kopuru handia dela eta ura pellet bidez berotuko da, sistema hori askoz eraginkorragoa baita.


Udalak laster abiatuko du lan horiek gauzatu ahal izateko prozedura. Proiektu lehiaketa egingo du, eta gaian zerikusia dutenen iritzia kontutan hartuta erabakiko du guztientzat onena den proiektua.