Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Elexaldeko igerilekuetako taberna udarako zabalduko da, hogei urtez itxita egon ostean

Hirigintza eta obrak   2023/03/31

Galdakoztarrek leku historiko eta sinboliko bat berreskuratuko dute uda honetan: Elexaldeko igerilekuetako tabernak ateak irekiko ditu berriro, hogei urtez itxita egon eta gero, Gobernu Planaren 20. neurria betez.

Tabernako lanak bukatzear daude eta horiek ikuskatzera gerturatu dira Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Amets Iturbe Kirol zinegotzia eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia eta bertan iragarri dute uda honetatik aurrera tabernak aukera anitzak eskainiko dituela; hala nola, bi terraza handi, txikiago bat, eta jatetxea. 

Eraikinari argitasuna eta zabaltasuna eman zaizkio eta erabat irisgarri egin da, eta urte osoan egongo da zabalik. Halaber, taberna kudeatuko dutenek hilean behin, gutxienez, kultur ekintzaren bat antolatu beharko dute eta publikoarekiko arreta euskaraz izateko aukera bermatu beharko dute. 

Tabernako sarrera kaletik egongo da, erabiltzaile guztientzat zabalik egon dadin, eta eskilaretatik zein igogailutik sartu ahalko da. Izan ere, mugimendu handia egoten da inguruan; udan igerilekuetara joaten direnez gain, urte osoan herritar asko ibiltzen dira bai paseoan, bai kirol instalazioetan, bai institutuetan irakasle zein ikasle, besteak beste. 

Lanek 800.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, Galdakaoko Udalak bideragarritasun Plana egin du, eta tabernaren kudeatzaileak hilean 2.500 euroko kanona ordaindu beharko dio, gutxienez, Udalari.

Esan bezala, udarako zabaltzea aurreikusten du Udalak eta ondorengo asteetan emango da taberna kudeatzeko esleipen prozesuaren berri.