Igo
  • 2022/05/25

Elexaldeko igerilekuak ekainaren 1ean irekiko dira

Astebete barru, ekainaren 1ean, hasiko da Elexaldeko igerilekuen udako denboraldia eta irailaren 30ean amaituko da. Astelehenetik igandera egongo dira zabalik igerilekuak honako ordutegi hauekin:

  • Ekainaren 1etik 15era eta irailaren 16tik 30era: astelehenetik ostiralera 15:00etatik 20:00etara. Larunbata eta igandean 11:00etatik 20:00etara.
  • Ekainaren 16tik irailaren 15era: astelehenetik igandera 11:00etatik 20:00etara.

Igerilekuak itxi baino ordu laurden lehenago etengo dira jarduerak. 


Prezioei dagokionez, abonatuek eta 4 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute. Abonatu gabekoei dagokienez, 4 eta 16 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dute eguneko, eta, 17 urtetik gorakoek, 7,50 euro. Galdakoztarrek udako abonuez baliatzeko aukera dutela gogoratzen du Udalak, eta hala egiteko gomendioa egiten die herritarrei.  Familiarentzako abonamendua hartuta, nahi adina joan ahalko dute familia osoek igerilekura lau hilez, 64,90 euro ordainduta. Banakako abonamendua 46,90 euroren truke eskuratu daiteke uda osorako, eta 25 urtez azpikoek, 36,10 euroren truke. Gainera, nahi duten galdakoztar guztiek Elexaldeko igerilekuez gozatzeko aukera izan dezaten %70 arteko hobariak izango dituzte behar handiena dutenek, diru sarreren eta familia osatzen duten pertsona kopuruaren arabera. Abonamenduak Urretako eta Unkinako kiroldegietan eska daitezke, eta, hobariak jasotzeko eskaera egingo dutenek Udalera jo behar dute: Esan-en egin dezakete eskaera, Txapelenan, edo egoitza elektroniko bidez.
 
Udako igerilekuek ontzi olinpiko bat eta jolasak dituen beste bat dituzte, baita eguzkia hartzeko bi gune ere, bata belar naturala duena eta bestea belar artifizialekoa. 1.166 pertsonako edukiera du guneak eta bertaratzeko ez da aurrez erreserbarik egin behar izango.