Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Elexaldeko Andra Mari elizara bisita gidatuak egingo dira astelehenean, doan; izena eman behar da aurrez

Kultura   2022/08/10

Galdakaoko altxor handietakoa da Elexaldeko Andra Mari eliza; Bizkaiko erromanikoaren eraikuntzarik garrantzitsuena, eta kultur ondare izendatua. Datorren astelehenean, abuztuak 15, bere ezaugarriak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izango da Jesus Muñiz historialari adituaren eskutik. Andra Mariaren Jasokundearen eguna dela baliatuta, bisita gidatuak egingo ditu.

Bi bisita gidatu egingo dira Elexaldeko Andra Mari Elizara astelehenean; euskaraz bat, eta gaztelaniaz bestea. Horietan zehar, tenpluaren historia eta elementu garrantzitsuenen ezaugarri artistikoak ezagutaraziko dira, hala nola, hegoaldeko portada monumentala, erromanikotik gotikorako trantsiziokoa, titularraren irudi erromanikoa eta barrualdea apaintzen duten erretaulak.

Bisitak doakoak izango dira eta ordubete inguruko iraupena izango dute. 10:30ean hasiko da euskarazkoa eta 11:30ean gaztelaniazkoa. Bertaratu ahal izateko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, eta talde bakoitzak gehienez 30 parte hartzaile izango ditu. Bisitariak bost minutu arinago egon behar dira Elexaldeko elizaren arkupean.

Erreserbak egiteko:

  • Ostirala eguerdira arte: Torrezabal kultur etxean, 08:30etik 14:00etara. Presentzialki edo telefonoz (94 457 12 82) egin daitezke izen emateak.
  • Ostiral eguerditik aurrera: telefonoz deituta (655 74 91 29).