Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Elexalde institutuko eta Egia eskolako ikasleek udaletxea ezagutu dute eta alkateari bere proiektuak azaldu dizkiote

Gazteria   2022/12/01

Haur eta gaztetxoz bete da gaur udaletxea, Iñigo Hernando alkateak bi ikastetxetako ikasleen bisita jaso baitu: Elexaldeko DBH 3. mailako ikasleek Berlingo, Varsoviako eta Serbiako beste ikastetxe banarekin duten proiektu komuna azaldu diote alkateari, eta hauek, Udalaren funtzionamenduaren eta hainbat proiekturen berri izan dute. Ondoren etorri dira Egia eskolako LH 3. Mailako ikasleak eta pozarren ezagutu dute pleno aretoa eta osoko bilkuren funtzionamendua alkatearen ahotik, eta zinegotzi zein alkatearen jarlekuetan ere jarrita.

Elexaldeko ikasleak zazpi helburuko proiektu ireki batean murgilduta daude, Europako beste eskola batzuekin elkarlanean eta elkartrukean. Besteak beste internazionalizazio landu eta Europan truke dinamika batean murgiltzea, IKT hobetzea, ingurumena lantzea, demokrazian sakontzea, memoria historikoa aztertzea eta ingelesa hobetzea ditu helburu proiektuak, eta, proiektu orokor horren baitan, dagoeneko Berlin ezagutu dute ikasleetako batzuek. Datorren urteko martxoan Varsoviara joango dira beste ikasle batzuk,  urrian Galdakaora etorriko dira beste herrietako ikasleak, eta Serbian ere izango dira ondoren. 

Proiektu horren berri eman diote Elexaldeko irakasleek zein 14 urteko ikasleek alkateari, eta helburu horien baitan egiten ari direnak kontatu dizkiete. Boluntariotza lanetan murgildu direla kontatu dute esaterako, eta, udaletxerako bisita ere demokraziaren funtzionamendua ulertzeko baliatu dutela. Memoria historikoa lantzerakoan zein herrirako beste proiektu batzuetan elkarlanean aritzea adostu dute irakasleek eta alkateak.

Gaztetxoagoak eta gehiago izan dira Egiako ikasleak, hiru gela oso etorri baitira udaletxera; guztira, 68 ikasle. Galdakao hobeto ezagutzeko txangoa eginda etorri dira udaletxera, eta bertako funtzionamenduaren berri izan dute, alkateari denetariko galderak eginda. Zinegotzi, idazkari, kontu hartzaile zein alkatearen lekuan eta paperean jarrita ezagutu dute osoko bilkuren nolakotasuna.