Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaon 1936ko Gerra garaiko memoriaren kolunbarioa jartzeko asmoa helarazi dio Udalak Gogora Institutuari

Memoria historikoa   2022/06/27

Galdakaoko Udalak udalerrian kolunbarioa eta Memoria Gunea eraikitzea proposatu du, 1936ko Gerran demokrazia, askatasuna eta justizia sozialaren alde borrokatu zuten pertsonen gorpuzkiei duintasuna emateko.
Kolunbarioaren egitasmoa bat dator, denboran, Udala memoria historikoaren inguruan egiten ari den lanketarekin. Hain zuzen, uda ostean aurreikusten da Pedro Asua miliziano galdakoztarraren gorpuzkiak Jakatik ekartzea Paco Etxebarria eta Lourdes Herrastiren taldearen lanaren bidez. Pedro Asuaren gorpuzkiak Jakako hilerriko hobi komunetik aterako diren lehenak izango dira.


Azken hilabeteetan berreskuratu diren gorpuzki kopuru handiak agerian utzi du Bizkaiak kolunbario bat behar duela 1936ko Gerran edo ostean bonbardatuta, fusilatuta edo antzeko egoeratan hil edo desagerrarazi zituzten herritarrei duintasuna emateko eta haien memoria gordetzeko. 
Horretarako Galdakao leku ona dela azaldu dio gutun bidez Iñigo Hernando alkateak Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko lehendakariari, kolunbarioa egiteko proiektuaren inguruko memoria atxikituta. Kokapenari dagokionez, Memoria Gunea Galdakaoko Elexalde auzoan ezarriko litzateke, auzo berberean dagoen hilerriaren inguruan.


Gure herriak duen sinbolismo eta kokapen geografikoak ekimena gauzatzeko baldintzak betetzen ditu Udalaren ustez, Burdin Hesiaren parte izanagatik eta gerran eskenatoki esanguratsuak izan ziren beste herri batzuekiko gertutasunagatik: Gamiz-Fika, Lemoa, Larrabetzu… 
Era berean, Udalak bere disposizioa agertzen du ekimen honetan gudari, miliziano eta biktima zibilen familiekin, elkarte memorialistekin, alderdi, sindikatu eta fundazio historikoekin eta beste instituzioekin batera, beharrezkoak diren ekarpenak jaso eta bideratzeko, prozesu parte hartzaile baten bitartez, horrelako tamainako ekimena bide onera eramateko.