Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Ondare katalogoaren tramitazioa motelduko du Udalak, interesdunek informatzeko edota alegazioak prestatzeko denbora gehiago izan dezaten

Beste batzuk   2023/02/02

2022ko abenduko osoko bilkuran Galdakaoko Kultura Ondarearen Katalogoari hasierako onarpena eman ondoren, erabaki hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea aurreikusita zegoen. Ondoren, 30 eguneko epea ireki behar zen, nahi duenak alegazioak aurkezteko. Halaber, interesdun guztiei, hau da, ondasunen jabeei, banan-banan jakinaraztea aurreikusi zen alegazioak egiteko.

Osoko Bilkuran onartu zenetik, zalantzak eta kezkak sortu dira erabaki horrek katalogoan jasotako elementuetako batzuen jabeen interesetan izan ditzakeen ondorioen inguruan.

Katalogoa egiteko prozesua publikoa izan da, izapidetzearen fase guztiak bete dira, eta osoko bilkuran emandako onarpena hasierakoa da. Hala eta guztiz ere, oraindik interesdunek aurkeztu nahi dituzten alegazioetarako tartea ireki ez denean, Galdakaoko Udalak katalogoaren onarpenaren tramitazioa moteltzea erabaki du, jabeek izan ditzaketen zalantza guztiak biltzeko are denbora gehiago emateko asmoarekin. Beraz, alegazioak aurkezteko 30 eguneko epearen hasiera ere geldiarazita geratu da.

Epe horretan, Galdakaoko Udalak neurri hauek hartuko ditu:

1. Udalaren erabaki.galdakao.eus parte hartze plataforman gune bat prestatuko da, foro gisa, non interesdun orok proiektuari buruzko informazioa eskuratu, ohiko galderen erantzunak ezagutu, galdera berriak egin edo proiektuarekin lotutako edozein ekimenen berri izan ahalko duen, hala nola informazio bilerak, aurrerapen berriak, etab. Gune hori eskuragarri dago jada.

2. Otsailaren 6tik 17ra bitartean, Udalak auzotarren zalantza eta kezka guztiak bilduko ditu, erantzun publikoa emateko. Zalantza eta galderak erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez jaso ahal izango dira, edo aurrez aurre, leku, egun eta ordutegi hauetan:

  • Olabarrietako pertsona nagusien lokalean. Otsailaren 7 eta 14an, 18:00etatik 20:00etara.
  • Galdakaoko Udaletxean. Otsailaren 8 eta 15ean, 18:00etatik 20:00etara.

Saio horietan, herritarrek idatziz eta paperez jasoko dituzte proiektuaren inguruan sortutako zalantza eta kezka nagusien erantzunak. Era berean, behar duenak laguntza teknikoa jasoko du plataforman erregistratzeko eta, horrela, proiektuari buruzko aurrerapenen berri posta elektronikoz jasotzeko.

3. Otsailaren amaieran, informazio saio orokor bat egingo da, eta, bertan, kontsulta aldi horretan sortutako zalantza guztiak azalduko dira, baita erantzunak ere. Era berean, Udalak emango dituen hurrengo pausuen berri ere jakinaraziko da.

4. Katalogoari buruzko zalantza eta kontsultei erantzuteko, informazio bide bat ere prestatu da Whatsapp eta Telegram bidez, 688.830.479 zenbakian.

5. Katalogoak jasotzen dituen elementu guztietako fitxak ikusgai daude Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan. Otsailaren 17ra arte egongo da zabalik astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era. Erakusketan bertan ere utzi ahalko dira iradokizunak.