Igo
  • 2022/05/23

Ekainaren 3 eta 4an izango da Kaiola festibala, jatorrietara itzulita: musikarik esperimentalenaren askatasunera

Esperimentazioa, askatasuna, jolasa. Hori da Kaiola musika jaiaialdiaren funtsa. Seigarren aldia du aurtengoa, eta bere muinera bueltatuta helduko dio erronkari: nazioartean itzal handia duten musikarien elkargunea izango da, zertan amaituko den jakitea ezinezkoa den bide askea. Horregatik dira bakarrak bertako kontzertu horiek; errepikatzea ezinezkoa delako. Ekainaren 3an eta 4an izango da Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, ostiral eta larunbat gauetan.
 
Pandemiaren eraginez, ez-ohikoa izan zen azken jaialdia: butaketan eserita egon ziren entzuleak, beste hainbat babes neurri hartuta egon behar izan zuten, eta, atzerriko taldeen ordez etxekoak aritu ziren; Euskal Herrikoak. Aberatsa izan zen hori ere, baina askatasun mugatua izan zuena. “Butakak kendutako jaialdira itzuliko gara”, poztu dira Olaia Parra Kultura zinegotzia eta Aritza Landaluze jaialdiaren antolatzailea. “Batzuk ez dute sekula jo elkarrekin; euren biretan dabiltza Europan bakoitza bere aldetik eta Galdakaon elkartuko dira. Ez Washingtonen, ez New Yorken, ez Chicagon ez beste inon ez dute halako kontzerturik egin, eta Galdakaon egingo dute. Elkarren ondoan jarri, elkarri begiratu, eta ea bideak nora eramaten dituzten. Kontzertu bakarrak izango dira, errepikatzea ezinezkoa izango direnak”, aurkeztu du Landaluzek irrikaz espero duena.
 
Kaiola Galdakaoko jaialdia baso handi batekin alderatzen du antolatzaileak: “Bide bat da, basotik joatea bezala; baso handi batean milaka bide dituzu, bat aukeratu dezakezu, edo horietan galdu. Hona etortzen direnak aske dira nahi dutena egiteko eta bakoitzak bere bidea egiten du”. Hala, inoiz sortu gabeko elkarrizketak sortzen dira artisten euren artean eta artista eta entzuleen artean. Berezia da, Landaluzeren hitzetan, “misterioa”.
 
Festibala ekainaren 3an eta 4an izango da Torrezabal kultur etxean, eta egunero 4 proiektuk joko dute. Ateak 20:00etan irekiko dira, kontzertuak 20:30ean hasteko, eta ikusleak zutik egongo dira, jatorrizko formatura itzuliz. Sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da eguneko.
 
Honako artista hauek izango ditugu: Oren Ambarchi & Crys Cole, Marcia Bassett & Samara Lubelski, Francois J. Bonnet & Stephen O’Malley, Chris Corsano & Dennis Tyfus, Eyvind Kang & Jessika Kenney eta Mazen Kerbaj, ostiralean; eta larunbatean, Chris Corsano & Leila Bordreuil & Luke Stewart eta William Parker & Hamid Drake. 
 
Beraz, nazioarteko eszenan ibilbide luzeko zerrenda dugu, hainbat iturritako moldeak barneratu dituzten artistak, hala nola free-jazza, inprobisazioa, elektroakustika eta soinuaren esperimentazio testual puruena, beti ere giro propioa sortuz, estilo, denbora eta espazio mugetatik harago. Ezustekoari, intuizioari eta inprobisazio ausartenari irekia izanik beti, nekez ahaztuko dugun esperientzia bakarraren berri emango digute.
 
Halako ustekabeko soinu topaketak aurkikuntza goxoetara eramango du entzulea, urte hauetan guztietan Kaiola Festibalak egin bezala. Aurrerantzean ere hala izatea espero dugun, Euskal Herrian eta nazioartean parekorik ez duen ekitaldia baita.