Igo
  • 2018/11/30

Ehun ikasletik gora parte hartu dabe ikasgeletan antzerkia lantzen den Antzerkhizkuntza programaren edizio berrian

Antzerkhizkuntza programa martxan hasi zen urrian Galdakaoko ikastetxeetatik barrena. Programak Lehen hezkuntzan izan duen harrera izugarria izan da. Gaur egun, 10 taldetan banatutako 130 umek hartzen dute parte.


Lehen hezkuntzaz gain, Bigarren hezkuntzan ere Galdakaoko zenbait gaztez osatutako taldea sortu da. Oraindik talde honetan sartzeko aukera dago abenduaren 14ra arte ez baita hasiko. Kasu honetan, saioak ostiraletan izango dira 17'30etatik 18'30etara Torrezabalen.


Aurten, berrikuntza batekin gatoz: Antzerkhizkuntza programak urrats bat gehiago aurrera eman nahi du eta familiei zuzendutako antzerki talde bat sortu du.


Familiaz aritzen garenean, ez gara gurasoen inguruan soilik aritzen. Gonbitea aiton-amona, izeba-osaba edota familietako bestelako  kideei zuzenduta dago.


Egunerokotasuneko betebeharrek eta ardurek eragiten dituzten estresari aurre egiteko sendagaia daukazue aurrean: astero ordu bateko iraupena izango duen antzerki ikastaro batetan parte-hartzeko aukera. Gainera, euskara mintza praktika egiteko aukera bat izango da. Ez da zertan hizkuntza menperatu behar baina bai euskararekiko jarrera ireki eta positibo bat izan.


Familientzako antzerki taldea ostiraletan batuko da Torrezabalen 18:30ean ordu bateko iraupena izango duen taldea garatuz. Hasierako eguna abenduaren 14a izango da ere.


Hiru dira, abentura jostagarri honen bitartez, lortu nahi ditugun helburuak:


1. Konplexuak alde batera utzita, euskaraz naturaltasunez mintzatzea.


2. Antzerki teknika edota talde dinamika desberdinen bidez norbere buruarekiko auto-ezagutza, beldurren eta konplexuen kudeaketa eta ahalduntzea lantzea.


3. Kideekin batera eta ikasturtean zehar landutako teknikak erabiliz, antzezlan bat eraikitzea eta jendaurrean antzeztea


Ilusioz betetako bi proiektu horietan parte hartzera animatzen zaituztegu. Interesa izatekotan email bat bidali antzerkhizkuntzagdko@gmail.com helbidera abenduaren 7a baino lehen.