Igo
  • 2018/06/06

Eguzkibegi Ikastolak “Eskola jasangarria”ren aitorpena jaso dau Lehendakaria buru izan dan ekitaldian

Joan dan martitzenean, ekainak 5, Ingurumenaren Egunagaz bat eginez, Eguzkibegi Ikastolak "Eskola Jasangarritasunerantz" diploma jaso eban. Ekitaldiaren buru, Iņigo Urkullu Lehendakaria eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Iņaki Arriola Sailburua eta Hezkuntzako Cristina Uriarte Sailburua izan ziran.


Ekitaldia Busturiako Ekoetxean izan zan, jendarte jasangarriago baterako bidean ikastetxeek egiten daben lana eskertu zan eta auditoria gainditu daben "Eskola Jasangarritasunerantz" aitorpenean parte hartu daben ikastetxeei diplomak banatu jaken. Eguzkibegi Ikastola Eskola Jasangarriaren aitorpena euken 8 ikastetxe barrien artean egoan eta beste 22 ikastetxek konpromisoa barriztu eben beste 4 urterako.


Ikastetxe honeek IRAES 21, "Eskola Jasangarritasunerantz" aitorpena jaso daben Euskadiko ikastetxeen sareko kide izango dira.


Eskola Agenda 21 programa garatzen daben ikastetxeek, 5 urte igaro ondoren, ebaluazio-prozesu baten bitartez, "Eskola Jasangarritasunerantz" ziurtagiria lortzeko aukera izango dabe.


IRAES 21 sarearen helburuak ondokoak dira: Ikastetxeetan jasangarritasuneranzko hezkuntza bultzatzea, Eskola Agenda 21 programaren kalitatea finkatzea, "Ikastetxe jasangarri" aitorpena dutenen arteko sinergiak sustatzea, Jasangarritasuneranzko estatuko eta nazioarteko hezkuntza-sareekin hartu-emonak mantentzea eta Hezkuntza komunitateak ikas dezan bultzatzea, lankidetzaren bitarteaz.


"Harro gagoz, Eguzkibegik, udalerriko ikastexea dan aldetik, aitorpen hori lortzea, norabide onean lan egiten dabela eta era sistematizatuan egin dabela berretsiz. Horregaitik, beste ikastetxeak be animatzen doguz Eguzkibegik hartutako bideari ekin deioen, guztion artean, Galdakao hobea lortu daigun" baieztatu dau Ibon Uribe Alkateak, bera be ekitaldian bertan egon zalako, Ruben Seoane, Jasangarritasun eta Parte-hartze Arloko zinegotziagaz batera.