Igo
  • 2021/02/16

Egia, Urreta eta Unkinako eskoletako patioetan estalkiak jarri ditu Udalak

Egiako, Urretako eta Unkinako eskolek patio estaliak izango dituzte ikasurtea amaitu arte. Estalki bana jarri du jolastoki horietan Galdakaoko Udalak. Alokairuan hartu ditu aterpeak, ekainaren 23ra arte.

Covid-19ak eragindako beharretara egokitzeko neurria da Udalak hartutakoa. Izan ere, kutsatze orokortuak saihesteko, taldeka banatzen dira ikasleak eta taldeen arteko distantziak handitzeko eskatzen dute prebentzio neurriek. Leku gehiago behar izatera darama horrek. Euria egiten duenean ere multzo horien arteko distantziak gorde eta haur guztiek nahikoa espazio izatea da neurriaren helburua.

Hiru eskoletan jarri du estalkia Udalak: Unkinan, Urretan eta Egian. Unkinako kasua argia da: eskolak ez du patio estalirik. Egia eta Urretako eskolek badute jolastoki estalia baina aterpe gehigarria jartzea oso lagungarri izango zaie distantziak gorde ahal izateko eta biek badute nahikoa leku kanpoan estali ahal izateko.

Galdakaoko Udalak ordainduko du hiru karpa erraldoien alokairua, baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza eskatuko du finantzaziorako. Jaurlaritzak ezarritako baldintzetan sartzen dira lehen eta bigarren hezkuntzako eskola publikoak.

Astelehen eta asteartean egin dira estalkiak jartzeko lanak, inauterietako jaiegunengatik eskolak itxita daudela baliatuta.