Igo
  • 2020/12/10

Diru sarrerak gutxitu arren, Sustapen Ekonomikorako partida %14,4 eta Gizarte Ekintzarakoa %8,6 handitu duen aurrekontua onartu du Galdakaok

Azken urteetako aurrekontu sozialenak onartu ditu Galdakaoko Udalak. COVID-19aren eraginez diru sarrerak nabarmen gutxituko direla aurreikusi arren, herritarren premiak asetzeari begirako partidak handitzeko erabakia hartu du udalak. Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko ordezkarien aldeko 12 botoak jaso ditu proposamenak, eta oposizioan dauden EAJko 5 kideren eta atxiki gabekoaren abstentzioa, eta PSEren kontrako botoa.


33.313.975 euroko aurrekontuak dira 2021era begira onartutakoak, 2020koak baino 4.238.867 euro gutxiagokoak (%12,72 gutxiago). Horrez gain, udal gobernuak agindu bezala, milioi bat euro zertara bideratu erabakitzea herritarren esku utzi du. Egungo egoera kontutan hartuta, milioi hori izango da kontuetan inbertsioetarako gorde den partida, ia osotasunean.


Bost lehentasunen arabera landu ditu kontuak udal gobernuak: krisi egoera gogor honetan udalaren baliabideak pertsonentzat eta pertsonekin bideratzea; tokiko ekonomia babestea; etorkizun hobe baterako heziketan inbertitzea; datozen beharretara egokitzeko digitalizazioa sustatzea; eta herritarren ahotsa jasotzea.


Datuek erakusten dute pertsonei lehentasuna emateko erabakia. Diru sarrera gutxiago izan arren Gizarte Ekintzara bideratutako kopurua %8,64 handitu da, egoera zaurgarrian dauden herritarren premiak lehen lerroan jarrita. Hala, gizarte larrialdietarako laguntzen partida 700.000 eurokoa izango da esaterakao (179.157 euro gehiago), eta gizarte laguntza indibidualak asko handitu dira: 15.000 euro izatetik 135.000 euro izatera igaro da.


Galdakaoko sare ekonomikoa indartzeko, %14,4 handitu da sustapen ekonomikorako partida, eta enplegura bideratutakoa ere areagotu egin da. Dendari Elkarteari emandako laguntza bikoiztu baino gehiago egin da esaterako, 80.000 euroko laguntza jasotzetik 195.000 euro jasotzera igaroko baita. Poligonoetako enpresa txiki eta ertainak bultzatzeko beste 20.000 euro gorde dira, eta 30.000 turismoa sustatzeko bidea haste aldera.


Euskal kultura eta hezkuntza udalerri sendo baten ikur dela sinetsita, %7 handituko da inbertsio hori: udalekuak eta ludotekak indartuko dira esaterako, eta arte eszenikoa sustatuko da ikastetxeetan.


Oso igoera handia izango du digitalizaziora bideratutako diru kopuruak: %51,12. Digitalizaziorako apustua egitea orainaren eta etorkizunaren aldeko apustua egitea da; udalak ezinbestean erantzun behar dion erronka. Dirutan 65.300 eurokoa da igoera hori.


Parte hartzea, gardentasuna, gobernantza irekia eta elkarlana udal gobernu honen ezaugarri dira, eta horri jarraituz, 1.000.000 euro herritarrek aurrekontu parte hartzaileetan erabakitako proposamenak gauzatzera bideratuko da. Bestetik, aipagarria da Gazteria Sailaren %6,93eko igoera.


Egungo egoerak eskatzen dituen premiei erantzuteko partida handitze horiek egiteko, beste batzuk txikitu behar izan dira, areago aurrekontua murritzagoa dela kontutan hartuta. Alkatetzatik jeitsi da gehien (%27,14), batez ere protokolo arretatik, publizitatetik eta bestelako kanpoko lanen ataletik. Hala ere, azken alor horren barruan, 50.000 euro gorde dira gabezia historiko bati erantzun nahian, Memoria Historikoari buruzko azterketa egin dadin. Zerbitzu orokorretarako partida %19,12 gutxitu da, Ondare eta Osagunekoa %10,59, eta Arlo Teknikokoa %5,04. Aipagarria da jaiei dagokien partida zehatza: %57,35 txikitu da, datorren urtean jaiak lehen bezala errepikatzea pentsaezina delako eta lehentasunak bestelakoak izan beharko direlako.


Azken finean, beharrak eta erantzukizunak hala aginduta, doitutako kontuak prestatu zituen udal gobernuak baina, akordioetara iristeko helburuarekin, ekarpenak egiteko ateak ireki zizkien oposizioko taldeei. Banakako bilerak egin ditu guztiekin, eta jasotako ekarpenak kontuetan txertatzeko adostasun bila aritu da.


EAJk egindako proposamenen aurrean, horietako hiru aurrekontuetan barnebildu ditu udal gobernuak: komertziorako dinamizazio jarduerak (45.000 euro); Aperribaiko parke bioosasuntsua (42.000 euro); eta Elexaldeko zubia eta espaloia egokitzeko proiektua (15.000 euro). Beste proposamen batzuk urtean zehar aurrekontuen egokitzapenen bidez gauzatzea ere eskaini dio oposizioko talde nagusiari. EAJk, ordea, aurrekontuak ez babestea erabaki du, abstentzioaren aldeko apustua eginda.


PSEri ere ekarpen batzuk jasotzea eskaini dio udal gobernuak: 75.000 euro bideratzea beharrik handiena duten pertsonei elikagai freskoak eskuratzeko bonoak emateko; eta 17.000 euro dendari eta ostalariei digitalizatu daitezen formazioa emateko. Beste proposamen batzuk urtean zehar aurrekontu moldaketak eginda egikaritzea eskaini zaio PSEri, eta horri ezetz esanda, beste proposamen bat kontuetan txertatzea proposatu zaio: auzoak lotuko dituen autobusa martxan jartzeko 200.000 euro gordetzea. Hala ere, ezezko botoa eman die aurrekontuei. Edozein kasutan, digitalizaziorako formaziora 17.000 euro gehiago bideratzea onartu egin da talde guztien aldeko botoekin, aurrera begirako elkarlana elikatze aldera.


Guzti horren ondorioz, aurkako bi botorekin, sei abstentziorekin eta aldeko 12 botorekin onartu dira 2021rako aurrekontuak, eta sasoiz gainera, urte hasierarako erabilgarri egon daitezen kudeaketa egoki batek eskatzen duen moduan. Izan ere, azken urteetan berandu onartu izan dira kontuak gehienetan, baita apirilean ere hainbat kasutan, horrek proiektuen gauzapenean eragiten dituen atzerapen eta kudeaketa desegoki guztiekin.