Igo
  • 2021/05/25

Dagoeneko 175 denda, taberna, jatetxe eta zerbitzu batu dira Gurean-era, Galdakaoko erakusleiho digitalera

Markak hausten ari da Gurean plataforma, Galdakaoko denda, ostalaritza eta zerbitzuen atari digitala. Bertoko eskaintza erakutsi eta denetariko erosketak herrian bertan egin daitezkeela erakusten duen erakusleiho digitalean 175 denda, ostalaritza eta zerbitzu batu dira. Azken urte luzeetan taberna zein dendak sustatzeko egin diren ekimenetan ez dira inoiz Galdakaoko horrenbeste negozio txiki egitasmo berean batu. Azken urteetako joera gaindituta, denda, taberna eta jatetxeek bat egin izana ere elkar indartzeko aberasgarria dela uste dute sustatzaileek, eta bestelako zerbitzuek ere lekua dutela gogoratu dute. Galdakaoko Udalak eta Dendari Elkarteak elkarlanean abiatutako ekimenak zabalik ditu ateak udalerriko negozio txikientzat, Dendari Elkarteko kide izan zein ez. www.gureanerosi.eus atarian herritarrek eskura izango du Galdakaon dagoen denetariko eskaintza zabala.

Herriko eskaintza guztia kolpe batean ikusi ahal izateko moduan dago antolatuta erakusleiho digitala, zazpi kategoriatan banatuta: elikadura; osasuna eta zaintza pertsonala; aisia, kirola eta kultura; moda eta osagarriak; etxea eta teknologia; ostalaritza; eta zerbitzuak. Bilaketa modu errazagoan egiteko kategoria bakoitzak azpiatalak ditu erabiltzailea bidean gal ez dadin.

Saltoki bakoitzaren leihoak informazio erabilgarria eskainiko du hasieratik, kokagunea eta komunikatzeko moduak, besteak beste. Leihoan klikatzean eskaintzaren deskribapena, nolakotasunak, ordutegia eta zerbitzua jasotzeko aukerak ikusiko dira, besteak beste, eta negozio bakoitzak aldioro berritu eta gehitu ahalko du edukia bertan.

"Herrian ez da ezagutzen herrian bertan dagoen aukera gaitasuna", azaldu du Diego Dominguezek Dendari Elkartearen izenean. Eta sarritan, galdakoztarrek kanpora jotzen dute gauza asko erostera. Hori dela eta, dagoen eskaintza zabala ezagutaraztea oso lagungarri zaiela dio, eta horretarako Gurean plataformaren ahalmena nabarmendu du. "Agian oraindik ez gara kontziente izan dezakeen gaitasunaz, baina asko lagundu ahal digu", adierazi du. Hortaz, plataformarekin egindako lana eskertu die Galdakaoko Udalari eta Dendari Elkarteari.

Javier Ibarretxe Ekonomia eta Sustapenerako zinegotziak babesa adierazi die bai egitasmoari eta bai herriko saltoki txikiei. Udalak komertzioa eta ostalaritza laguntzeko orain arte hainbat neurri hartu dituela azaldu du, eta Gurean proiektuarekin herriko negozio txikiak garai eta behar berrietara egokitzen lagun daitekeela. Izan ere, digitalean aritzearen abantailak eskaintzen ditu, baina bertokoa indartzeko. "Galdakaon eskaintza handia dugu, denetarik dugu, eta ona da ikusgarri egotea, behar dugun hori eskura izatea", azaldu du.

Plataforma ezagutzera emateko, hilabete iraungo duen kanpaina jarri da martxan. Gurean-ekin bat egin duten saltokien inguruetan lurrean jarriko diren binilo handietako QR bidez, plataforman murgildu ahal izango da, eta, erakusleihora atxikitu diren saltokiak Gurean-en zintekin apainduko dira. Ostiral arratsaldean, bestetik, informazioa banatzen arituko dira herriko hainbat gunetan. Oraindik Gurean-era batu ez diren saltokiek atxikitzeko aukera izango dute, eta hartarako laguntza behar dutenek laguntzailea eskatu ahal izango dute Behargintzara edo Dendari Elkartera deituta.

Dendari eta ostalariak ekimenera batzera animatu, eta herritarrak bertan kontsumitzera deitu dituzte udal ordezkariak eta dendarien elkartekoak. Halaber, erakusleiho digitala ezagutzeko martxan jarri den kanpainaren barruan zabalduko diren erronketan parte hartzeko gonbita egin dute. Izan ere, hainbat sari irabazi ahalko dira hilabeteko kanpainan. Sareetan zabalduko diren erronketan parte hartuta sari txikiak eskuratu ahalko dira, eta Gurean-en parte hartzen duten denda zein tabernetan galdera bat erantzuten dutenen artean bazkari eder bat zozketatuko da.