Igo
  • 2021/04/29

Covid-19aren aurkako txertaketetarako erabiliko da Urretako kiroldegia, baina ohiko jarduera gehienak mantenduko dira

Covid-19aren kontrako txertaketa arindu eta errazteko helburuz, dagokien galdakoztar eta arratiarrak txertatzeko erabiliko da Urretako kiroldegia. Larunbatetik aurrera, astebetez gutxienez arituko dira bertan txertaketa lanetan Osakidetzako langileak, eta ondorioz, kiroldegiko kantxa ezingo da ohiko jardueretarako erabili.

Kantxaren erdia erabiliko da txertaketarako eta gunea prestatzeko lanak gaur hasi dira. Hortaz, gune hori itxita egongo da hamar bat egunez eta entrenamendua Urretan egiten duten Basket Ibaizabal, Lagun Onak eta Boleibol Taldeak, esaterako, eten egin dituzte entrenamenduak. Lehiaketetan parte hartzen jarraitzen duten taldeei Unkinako kiroldegian entrenatzeko aukera eman zaie. Asteburu honetarako Urretan aurreikusita zeuden partidak ere lekualdatu dira: Unkinan egingo dira igande arratsalderako antolatuta dauden saskibaloi eta futbol sala partidak.

Larunbatean hasi, eta astebetez gutxienez luzatuko da txertaketa kanpaina hori. Galdakaoko eta Arratiako dagokien herritarrek jasoko dute bertan txertoa, Osakidetzak aurrez jakinarazten dien moduan. Txertatzera doazenek kiroldegiko atzeko sarreratik izango dute sarbidea, Ganguren kaletik. Kiroldegiaren ohiko zerbitzuetara doazenek, berriz, sarrera nagusitik. Hortaz, erabiltzaileak ez dira gurutzatuko.

Herritarren inmunizazioa azkartu nahian, egun osoz arituko dira txertaketetan Osakidetzako langileak, 09:00etatik 21:00etara, eta, kanpaina astebeterako aurreikusita dagoen arren, heltzen diren txerto kopuruaren arabera egun gehiagoan luzatu daiteke. Kanpaina amaitu bezain laster bere ohiko egoerara egokituko da kantxa berriro.

Galdakaoko Udala Usansolo-Galdakaoko Ospitalarekin jarri zen harremanetan duela aste batzuk, herritarren txertaketa arintzeko kiroldegia ospitalari uzteko prestutasuna azalduz. Eskaintza onartu, eta Urretako kiroldegian Covid-19aren aurkako txertoak jarriko zaizkie Galdakaoko eta Arratiako herritarrei larunbatetik aurrera.