Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala

Euskara   2022/11/18

Gaurtik hasita eta abenduaren 2ra arte Euskaraldiaren hirugarren edizioa izango da martxan, Hitzez ekiteko garaia lemapean. Galdakaoko Udala Euskaraldian parte hartzen ari da erakunde moduan eta herritarrei ere parte hartzera dei egiten die, txapa jarri eta ilusioz, arduraz eta gogoz ariketari ekiteko.

Ekimenari hasiera emateko talde argazki koloretsuak atera dituzte langileek, zinegotziek eta Iñigo Hernando alkateak. Udala ariketari ekiteko prest dago eta langile eta politikari bakoitzak hartutako rolaz gain,  hainbat arlo Ariguneak  dira, hau da, euskaraz lasai hitz egiteko guneak.
Herrian presentzia handia izango du Euskaraldiak datozen asteetan, Galdakaoko eta Usansoloko batzordeek ekitaldi programa oparoa prestatu dutelako; gaur arratsaldean izango dira hasiera ekitaldiak 17:30ean Kurtzeko plazan eta 19:00etan Usansoloko frontoian. Gainera, datozen egunetan, pilota eta futbol partidak, euskal dantza eta dantza modernoa, Oihan Vega, irrati saioak kalean, herri kirolak, mendi irteera, hitzaldiak, fanfarriak, tailerrak eta askoz gehiago izango da Euskaraldiaren alde. 

Giro ederra egongo da ahalik eta herritar gehien ariketan parte hartzera erakartzeko, ez baitugu ahaztu behar ariketa sozial kolektiboa dela Euskaraldia eta bere helburua herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea dela. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Ariketan parte hartzeko bi rol hartu ahal izango dira: Ahobizi edo belarriprest. 

Ahobiziek, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen ote duten ez badakite lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte; kideek ulertzen dutenean, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko diote. 

Belarriprestek, aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea nahi dutela adierazten dute modu esplizituan.

Informazio gehiago behar izanez gero edo txapak jasotzeko, Euskaraldiaren dendatik pasa daitezke herritarrak, Esan bulegoaren ondoan, edo kontsulta egin euskaraldia.eus webgunean.
Berriz ere, herritarrak gonbidatu nahi ditu Udalak Euskaraldiko batzordeak prestatu dituen ekimenetan parte hartzera (deskargatu programa berriaren bukaeran) eta batez ere ariketa egitera. 

Irailean jakin genuen, Soziolinguistika Klusterrak eta Bagabiz Euskara Elkarteak egindako kale neurketari esker, Galdakaon euskararen kaleko erabilera % 14.5 dela eta Usansolon %20,7. Hiztun kopurua handitzeko aukera paregabea da Euskaraldia, ekin diezaigon ariketari eta denon artean lortuko dugu euskarak gora egitea gurean!

PROGRAMA HEMEN