Igo
  • 2020/06/19

Bost mural berri Galdakao eta Usansolon, lanerako sarbidea eta artea uztartzen dituen enplegu planari esker

Lana eta artea, formakuntza eta integrazioa. Ardatz horiek dituen enplegu planari esker, sentitzera gonbita egiten duten bost mural berri dituzte Galdakaok eta Usansolok. Herria balorez koloreztatzera etorri diren bost marrazki erraldoi.


Koloreen labirintoan nahita galtzera daraman puzzlea; naturaren handitasunak harrapatuko zaituen tunela; berdintasuna oinarri duen herria osatzera dei egiten duten haurren alaia; musika ukitu, sentitu, amestera gonbidatzen duen sarrera; animazio munduan murgiltzen duten eztandak. Lapurdi kalean grisaren ilunak hartua zuen horma bat. Bekeako tunela. Usansoloko Gorosibai ingurua. Galdakaoko musika eskola. Aurpegi berria dute horiek guztiek. Suhiltzaileen egoitza zenaren inguruko hormari berpizten ari zaio egunotan.


Jose Ramon Baņales 'Bada' artistaren eta bost gazte galdakoztarren artean gauzatutako proiektua izan da, lan mundura sartzeko arazoak dituzten gazteei bultzada emateko helburua duen enplegu planaren emaitza.


"Ekintzak bi helburu batzen ditu: batetik, zaurgarritasun egoeran dauden herritar gazteei formatu eta lan mundura sartzeko aukera ematea, eta bestetik, hiri paisaia hobetzea, espazio publikoko gune batzuk duindu eta herritarren gozamenerako berreskuratuta", adierazi du Jose Luis Bernal Enplegurako zinegotziak.


Galdakaoko Udalak eta Lanbidek diruz lagundutako programa Gaztaroa Sartu gizarte ekimenerako kooperatibak garatu du. Bost galdakoztar ditu jomuga: 30 urtetik behera dituzten, langabezian dauden eta lan mundura sartzeko arazoak dituzten bost gazte. Garapen iraunkorra bilatzen du programak: lan munduan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonei formazioa eta aldi baterako lana emanda bere kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa hobetzea, eta horrela, horien enplegagarritasunean eragitea.


Egin beharreko lana erakargarria izateak laguntzen du gazte horien motibazioan. Sei hilabeterako kontratazio baten bidez formazioa jasotzen dute lehenik, eta ondoren, ikasitakoa praktikan jarrita lana egin, laguntza jasotzen duten bitartean. Galdakaoko Udalak aukeratutako bost mural egin dituzte epealdi honetan sei hilabeteko kontratazioaren bidez.


Formazioa eta interbentzio artistikoak Jose Ramon Baņales 'Bada' artistak zuzendu ditu. 30 urtetik gorako esperientzia du eta Euskal Herriko arte urbanoaren zein muralismoaren aitzindari da. Gauzatu diren muralen diseinuak taldeko partaide guztien artean egin, eta udal ordezkariekin adostu dira. Urte hasieran hasi ziren interbentzioak amaitzear dira.


Enplegu planarekin batera, agente zibikoen proiektua ere martxan izan du udalak lan munduan sartzeko zailtasunak dituztenei bultzada emateko helburuz. Galdakaoko beste 15 langabetu aritu dira, sei hilabetez, agente zibikoen proiektuan. Formakuntza jaso, eta eskolen inguruan zein Usansoloko ospitalean trafikoari laguntzen aritu dira batik bat.


Galdakaon erroldatuta dauden, langabezian dauden eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei bideratuta dago programa, eta arreta berezia jartzen zaie emakumeei, gazteei, 45 urtetik gorakoei, langabezian denbora asko daramatenei eta bazterkeria arriskuan daudenei. Hilabete honetara arte egon dira zerbitzu horretan kontratatuta; 8 emakumezko eta 7 gizonezko.


Momentuko beharretara egokitu, eta hainbat lan mota egin dituzte sei hilabeteotan: Usansoloko ospitalean trafikoa eta aparkalekuak kudeatzen lagundu dute; Galdakaoko eskolen inguruetako zebrabideetan oinezkoen segurtsuna bermatu dute; kaleetako altzaritegi edo besteelakoetako kalte, apurketa edo matxuren berri eman dute; inauterietan eskola umeei kaleko ibilbidea egiten lagundu diete; Lapurdiko parkinean trafikoa bideratzen lagundu dute jardunaldi batzuen harira beharra zegoelako; udalaren bandoak banatu dituzte; eta, osasun larrialdi garaian hainbat lan bertan behera geratu zaizkien arren, bestelako behar batzuk bete dituzte. Esate baterako, babeserako 2.000 aurpegi pantaila egin dituzte Galdakaoko Udalaren eskariz.


Halako proiektuek helburutzat dute herriaren beharrak asetu, herri atseginagoa egin eta zailtasun handienak dituzten bertako bizilagunen enplegagarritasuna hobetuz guztion aukera berdintasuna sustatzea. Hortaz, aurrerantzean ere halako esperientziekin jarraitzeko asmoa du Galdakaoko Udalak.