Igo
  • 2022/05/16

“Bonodenda Galdakao 2022” kanpaina hasiko da maiatzaren 23an, tokiko merkataritza sustatzeko

Galdakaoko Udalak, Dendari Elkartearekin lankidetzan, Bonodenda kanpaina jarriko du martxan aurten ere. Hurrengo astelehenean hasiko da bonoen salmenta.

Kanpainaren helburu nagusia gure udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea da, eta, guztira, 10.000 bonu jaulkiko dira 10 euroko prezioan, baina 15 euroko balioa izango dute kanpainarekin bat egiten duten saltokietan trukatzean. Beraz, kanpaina honek 150.000 euro jarriko ditu zirkulazioan tokiko merkataritza sarean.

Bonuak maiatzaren 23an jarriko dira salgai, agortu arte, eta gehienez ekainaren 30era arte. Dendari Elkartearen bulegoetan salduko dira, Muguru plazan (astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara, eta astearteetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara), eta Usansolon, Oletxe kaleko 19an (ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara). 

Epea igarotakoan, balioa galduko dute ordainbide gisa. Kanpaina, beraz, uda osoan zehar luzatuko da. Gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.

Hauek dira erabilera-baldintzak:

  • Bonu bakoitza aldi bakarrean erabili beharko da, eta soilik kanpainari atxikitako saltokietan.
  • Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko.
  • Bonuak ezin dira eskudirutan trukatu.
  • Produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela jaulki beharko du establezimenduak, eta ezin izango da eskudirua itzuli.
  • Bonuak bateragarriak dira.

Udalak herritarrak berriz ere animatu nahi ditu tokiko merkataritzan kontsumitzera eta bonodendak eskuratuz kanpainan parte hartzera, eta gogorarazi nahi du zein garrantzitsua den gurea bezalako herri batentzat tokiko merkataritzak bizirik jarraitzea.

Atxikitako saltokien zerrenda Dendari Elkartearen bulegoetan edo galdakaodendari.eus  webgunean begiratu ahal izango da.