Igo
  • 2016/12/30

Galdakaoko Udalak 2017ko aurrekontuak onartu ditu, 32.375.158 euroko zenbatekoarekin

Galdakaoko Udalak 2017ko ekitaldirako aurrekontua onartu du ostiral honetan egin den ezohiko bilkuran. Horren barne sartzen dira Udalari berari dagozkion gastuak, bai eta Udal Euskaltegia eta Musika Eskola erakunde autonomoenak ere.

Guztira, aurrekontu bateratuaren zenbatekoa 32.375.158 eurokoa da, 2016ko 32.721.430 euroko aurrekontuaren aldean. Gainera, zorra 0an mantentzeko apustuari eutsiko zaio.

Aurrekontua gobernu-taldearen aldeko botoekin onartu da (EAJ-PNV eta PSE-EE). EH Bilduk, Galdakao Orainek, eta Irabazik, aldiz, kontrako botoa eman dute. UH eta PP abstenitu egin dira.

Aurrekontuan PPk aurkeztutako bi zuzenketa onartu dira (herriko argi-sisteman energia-efizientzia hobetzeari buruzkoa zen bat, eta Lapurdi kalean kirol-eremu ireki bat sustatzeari buruzkoa bestea). Ez dira onartu, aldiz, EH Bildu, Galdakao Orain eta Irabazi taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak, ez eta hiru talde horiek aurkeztutako zuzenketa bateratuak ere.

Aurrekontu hauetan ordezkaritza handiena duen oposizioko taldeko (une honetan, EH Bildu) kide bat lanaldi osoan liberatzeko partida txertatu da, indarreko araudiak dioen bezala.

Ińigo Bilbao Ogasun eta Ondareko zinegotziak defendatu du EAJ-PNV eta PSE-EEren proposamena, eta honako hau nabarmendu nahi izan du: «2017ko aurrekontu-proiektuak garrantzia berezia ematen dio zerbitzu publikoak kalitatez eskaintzen jarraitzeari, gastu soziala handituz eta enplegua sortzeko eta ekonomia sustatzeko neurriak indartuz».

EH Bilduk beste bi taldeekin batera aurkeztutako osoko zuzenketa defendatu du: «Ikuspegi desberdina daukagu baliabide publikoen kudeaketari dagokionez, eta horregatik balioa eman nahi diogu EAJ-PNV eta PSE-EEren ereduaren aurrean dagoen alternatiba errealari». Osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk beste 22 zuzenketa propio aurkeztu ditu. Guztiak ezetsi dira.

Galdakao Orainek esan duenez, «aurrekontu hauek ez dira gureak, ez formei ez edukiari dagokienez. Gure ustez, ez da herritarren benetako partaidetzarik izan, zenbakiak pertsonen beharrei egokitzeko». Talde horrek 18 zuzenketa aurkeztu ditu, eta guztiak ezetsi dira.

UHren iritziz, «aurrekontu hauek galdakoztarrentzat dira, ez Usansolo bizi garenontzat. Hala ere, gure planteamenduen araberako inbertsioak egiten dira, noski».

PSE-EEk aurrekontu-proposamena defendatu du, «errealista delako eta helburu egingarriak aurkezten dituelako. Horrelakorik ezin da egin, ordea, kudeaketa ekonomiko eta finantzario on bat ez badago, hori baita herritarrei eskainitako zerbitzuei eutsi eta horiek hobetzeko tresna».

Galdakao Irabazik EH Bildu eta Galdakao Orainekin batera aurkeztu dituen hiru zuzenketak izan ditu hizpide (herriko etxebizitzei buruzko ikerketa bat egitea alokairu sozialen eskaintza posible bati begira; udalak berriz ere bere gain hartzea kanpoko enpresen esku utzitako zerbitzuak, esate baterako, garbiketa- edo lorezaintza-zerbitzuak; eta auzoetako irisgarritasuna hobetzea). Talde horrek hiru zuzenketa aurkeztu ditu, eta guztiak ezetsi dira.

PPk aurrekontuen norainokoa baloratu du, baina nabarmendu duenez, «hausnarketa bat egin behar dugu aurrekontuaren gauzatze-maila duen eta ordaintzeko dugun zorraren inguruan, 2016an aurreikusita zeuden inbertsioetarako 1,8 milioi euro gauzatu gabe ditugu eta». PPk lau zuzenketa aurkeztu ditu. Horietako bi onartu egin dira eta aurrekontuan txertatu dira.

Osoko bilkuraren amaieran, Ibon Uribe alkateak gobernu-taldearen hurrengo erronkak laburbildu ditu: «azala berritu behar dugu urte hauetan, hau da, oinarrizko zerbitzuak sendotu behar ditugu eta, aldi berean, gure udalerriari kolore gehiago ematen saiatu behar gara».

Definizio hori, praktikan, proiektu askotan gorpuzten da: Elexaldeko igerilekuak berritzea; Antenna proiektatuaren lehen harria jartzea; Aperribaiko sarbide mekanikoak sustatzea, Pontzi Zabalan oraindik egiteko dauden faseak ahaztu gabe; Eperlandako zentro artistikoa errealitate bihurtzea; ludoteka-sarea osatzea; berdeguneak berreskuratzea eta aparkatzeko eremuak hobetzea.