Igo
  • 2016/12/30

Galdakaok Kabalgata solidario bat eskaini nahi du, urtea ezin hobeto hasteko

Galdakaoko herriak kabalgata solidario bat eskaini nahi du urtarrilaren 5ean, urte berria ezin hobeto hasteko. Urretaldeak eta Argizai Eskaut Taldeak antolatuko dute ekitaldia, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, eta aurtengoan ere elkartasuna izango da protagonista nagusia.

Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Boluntario Giza Elkarteak elikagai-bilketa egingo dute urtarrilaren 5ean, Erregeen desfilearekin batera, eta bilketa horretan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei: bakoitzak kilo bat janari ekartzea eskatu dute. Argizaik sorpresa batekin sarituko du familia bakoitzaren ekarpena.

Aurtengo kabalgata 18:00etan hasiko da Kurtzeko plazan, eta Bengoetxeko parrokian amaituko da. Argiz, kolorez eta sorpresaz beteriko bidea egingo dute. Kurtzetik irten ondoren, Erregeek eta beren laguntzaileek Juan Bautista Uriarte kalea hartuko dute, eta, Zamakoa eta Bizkai kaletik barrena, Bengoetxe aldera joko dute.

Bengoetxeko elizan, Argizai Eskaut Taldeak tronua antolatuko du 19:00etatik aurrera. Bertan, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek glutenik gabeko gozokiak emango dizkiete haurrei. Aurten, gainera, Gabone Izarraren bisita berezia ere izango dugu; berak gidatu ditu Erregeak Ekialdetik hona. Emakume horrek jostailu txiki bat emango die haur guztiei, eta mezu bat familiei, genero-berdintasunaren aldekoa.

Bengoetxeko elizaren atarian jaiotza bizidun bat egongo da. Horren ondoan, Argizaiko Trebeak, taldeko kide nagusiak, elikagai ez-galkorrak jasotzen arituko dira, gehien behar dutenei laguntzeko.