Igo
  • 2016/12/30

Galdakaok bat egin du arma nuklearrak deuseztatzearen aldeko nazioarteko sarearekin

Galdakaoko Udaleko bozeramaileen batzarrak bilera izan du aste honetan, eta, bertan, erabaki du arma nuklearrak deuseztatzearen aldeko «Mayors for Peace» (alkateak, bakearen alde) nazioarteko sarearekin bat egitea. Erabakia aho batez hartu du bozeramaileen batzarrak.

Honako hau dio mozioak:

Arma Nuklearrak Erabat Abolitzeko Hirien arteko Elkartasuna Sustatzeko Programa berria proposatu zuen, 1982an, Hiroshimako alkateak, New Yorkeko Nazio Batuen Erakundeko egoitzan. Harrez geroztik, Hiroshimako eta Nagasakiko alkateek mundu osoko alkateei eskatu diete haiekin bat egin dezaten programa horren alde.  Halaxe jaio zen, hain zuzen, Mayors for Peace sarea (Alkateok bakearen alde). Ekimen hori 1990etik dago erregistratuta Nazio Batuen Erakundean, eta 1991n aholkularitza-estatus berezia eman zioten Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan.

Gaur egun, mundu osoko 161 herrialdetako 7.000 udalek baino gehiagok adierazi dute babesten dutela Mayors for Peace sareak bultzatzen duen programa arma nuklearrak 2020an eliminatzeko, hau da, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearren 75. urtemugan.

Munduak gainditu beharreko erronkak direla eta, bakea lortzeko erantzukizuna duten eragile guztien aliantza behar da. Eta halaxe dela onartzen du Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendak, zehazkiago 16. helburuaren bidez, zeina garapen jasangarria lortzeko gizarte baketsuak sustatzeari buruzkoa baita.

Hirien jarduera politikoak berezkoa dauka nazioarteko eragile eta elkarbizitza baketsuaren bermatzaile gisa hiriek betetzen duten eginkizuna. Siriako gatazka eta errefuxiatuen krisia edo terrorismoaren eta biolentziaren forma berrietatik ondorioztatutako mehatxuak, esate baterako, ezin dira udal-ikuspuntutik eta ekarpenetik kanpo geratu.

Testuinguru horretan, tokiko gobernuek eginkizun erabakigarria dute eragile nagusiak diren aldetik, eta ez soilik gatazken prebentzioaren eszenatokian, non gero eta garrantzi handiagoa duten estatuekin batera; izan ere, gatazken ondoren hiriak berreraikitzeko egin beharreko lanetan eta bake-kulturaren inguruko heziketalanean ere badute zer eginik.

Tokiko gobernuak herritarren eskaeren eta premien bideratzaile zilegiak dira, demokratikoki aukeratu dituzten herritarrengandik gertu daudelako.  Gainera, tokiko kudeaketan duten esperientziari esker, udal-arloko eguneroko gertakizunen alde guztiak ezagutu ditzakete zehatz-mehatz.  Horrenbestez, bizikidetza baketsua sustatzen eragiteko duten gaitasunarengatik, hain zuzen, beren estatus espezifikoa dute, estatuek eta gizarte zibilak betetzen dutenaren osagarria dena.

Tokiko gobernuek modu askotan lagundu dezakete bakea eraikitzen, eta, ildo horretan, Hirien Diplomaziak haien zati garrantzitsu bat hartzen du. Hala, bada, Eskualdetako Lantaldeak honela definitu zuen Hirien Diplomazia: "tresna honen bidez, tokiko gobernuek eta haien organoek hau guztia sustatu dezakete mundu osoan: kohesio soziala, ingurumen jasangarria, krisiaren prebentzioa, gatazken konponketa, bai eta gatazken ondoren egin beharreko berreraikitze-lana ere; hori guztia ingurune egonkorra lortzeko helburuz, non herritarrek bakean bizi ahal izango baitira elkarrekin, giro demokratiko, aurrerakoi eta oparoan" [DOUE C 120/01, 28.5.2009].

Orobat, ezin ukatuzkoa da gaur egun hiriek garrantzi handiko eginkizuna betetzen dutela nazioarteko lankidetza-arloan. Administrazio horiek beren herritarren izenean erantzukizuna dutela sentitzen dute, eta munduko beste leku batzuen garapen demokratikoan laguntzearen abantailez jabetuta, parte hartzen dute nazioarteko lankidetza-proiektuetan eta beste herrialde batzuetako administrazioekin esperientziak trukatzen.

Tokiko gobernuek sarearen bidez egiten duten lana ezinbestekoa da nazioarteko eremuan duten eginkizuna indartzeko eta herritarren premiei erantzuna emateko. Hala, bakearen aldeko alkateen sarearen barruan parte hartzeak aukera ematen die bake-kulturaren arloko baliabideak eta esperientziak partekatzeko mundu osoko beste hiri, entitate eta antolakundeekin, eta, aldi berean, nazioarteko eremuetan humanitatean eragina duten gai handiei buruz iritzia emateko.

Uste osoa dugu, aipatutako guztiarengatik, tokiko gobernuek garapenerako eta bakea eraikitzeko nazioarteko agendan laguntzeko erantzukizuna dutela.

Kontuan hartuta arma nuklearrek pertsonen eta planetaren segurtasuna arriskuan jartzen dutela, premiazkoa da suntsipen masiboko armok debekatzeko itun unibertsala egitea.

AKORDIOA

1. Mayors for Peace sarearen helburuen alde agertzen gara, bat eginez arma nuklearrak erabat desagerrarazteko helburuarekin.

2. Mayors for Peace nazioarteko sareari atzikitzeko behar diren tramite guztiak egingo ditugu.

3. Mayors for Peace sarea ezagutaraztea bultzatuko dugu, eta herritarrak suntsipen masiboko armen mehatxuaz sentikortzen lagunduko.

4. Mayors for Peace sareak Hiroshiman duen Nazioarteko Idazkaritzari akordio hauen berri emango diogu, bai eta Garnollers hiriari, Espainiako Estatuko Bakearen aldeko Alkateak sareko nagusia den aldetik.